BIHAR jokatuko da Ogueta pelotalekuan eskuz binakako txapelketako finala. Ostegunean izan zen material aukeraketa finala jokatuko den frontoian bertan, Oguetan, eta pelotak aukeratuta finala jokatzeko prest dago Oier Mendizabal.
Espektazio haundia
Ikaragarria da igandeko finalak sortu duen espektazioa, ostegunean Oguetan 200 pelotazale bildu ziren. Finalera ere Hernani, Añorga eta ingurutik jende asko joatea espero da, Oier frontoian animatzera. Hala ere, bertan egoteko aukerarik ez dutenek telebistaz jarraituko dute partidua, ETB-1n, arratsaldeko 18:15etatik aurrera. Osteguneko material aukeraketan Oier Mendizabalek eta Aimar Olaizolak txapelketan erabili duten materialaren antzekoa aukeratu zuten, frontisetik gutxi ateratzen dena eta behetik ibiltzen dena. Titin III eta Laskurainek pelota zakarragoak aukeratu zituzten, mugitzeko zailak diren pelotak. Aukeraketan azpimarratu zutenez frontoia bera ere berezia da, zoru bizikoa eta frontis txikikoa.