Trapu Zaharra antzerki taldea. Nortzuk zarete? zenbat kide zarete?
Antzezlanaren arabera gehiago edo gutxiago izaten gara. Dena den, normalean lau bat lagun izaten gara, azkenaldian behintzat. Visa vis lanean, berriz, hiru lagun gara: Txubio Fernández de Jaúregui, Jasón Guerra eta ni neu.
Zu aktore izateaz gain, lanaren zuzendaria ere bazara, ezta?
Bai, aktorea, zuzendaria, kamioi gidaria eta arropa ere plantxatzen dut tarteka. Gu eskola zaharrekoak gara, garai bateko aktoreak, garai hippyetatik gatoz. Gu aspalditik ari gara antzerki munduan eta orduko kontu batzuk mantentzen ditugu. Garaiak asko aldatu dira baina oraindik jarraitzen dugu orduko kontu askorekin.
Gustatu ere bai, akaso?
Ez nuke ezetz esango. Bai, gustatu ere, gustatzen zaigu.
Nork idatzi du Visa vis antzezlana?
Antzezlana talde lanaren fruitua da, lan kolektiboa da. Agian ideia zertxobait nereagoa da, baina lana taldeak egin du. Guk lan asko egiten dugu honela. Ideia batetik abiatzen gara baina gero martxan jartzen dugunean, orduan sortzen dugu. Orrialde asko dira. Gaur egun dena erosi egiten da: lanak, artistak, atrezzoa... baina guk ez dugu horrela egiten. Jakina, gauza batzuk erosten ditugu baina gehiena guk sorzten dugu, taldean. Gainera kale antzerkia ez da areto antzerkia bezalakoa. Publikoarekin duzun harremana, esate baterako, askoz ere zuzenagoa da, espazioak, tenperaturak... denak eragiten du. Beraz, lanak ere beste era batera antolatzen dira. Kale antzerkia izateak eragina du lana idazterakoan, antzezterakoan...
Zein da Visa Visen edukia?
Laburbilduz bankuko langile baten istorioa kontatzen du. Langileak bere burua promozionatu nahi du banketxean. Aldi berean, banketxeak eskaintza berria egiten die bezeroei: Ferti-Oferta, izenak esaten duen bezala, gizartea hainbeste kezkatzen duen antzutasuna konpontzeko eskaintza. Kuestioa da bankuetxeak gizatasunik gabeko eskaintza egiten diola bezero arruntari, antzutasunaren inguruan sortutako kezkaz baliatuta.
Gaia ez al da delikatu samarra?
Beno, denok egiten ditugu tratuak banketxeekin. Eta antzutasunarena egungo gizartearen errealitatea da.
Kritika egiten duzue, beraz?
Gu ez gera ailegatzen kritika morala egitera. Bankuek egiten dutena jasotzen dugu. Baina antzutasunarekin bezala, gauza bera egiten dute hipotekekin eta beste kontuekin.
Zein da antzezlanaren helburua?
Trapu Zaharraren helburua beti izan da barre egitea, ondo pasatzea. Jakina, gure ustez, umorea kritika egiteko oso tresna egokia da.
Leku zehatz batean egingo duzue, edo kaleetan barrena ibiliko zarete?
Kale antzerkia izanagatik, leku batean egingo dugu, ez gara gehiegi mugituko.
Zerbait esan nahi diozu jendeari animatzeko?
Hurbiltzeko ondo pasatzera, besterik ez. Hori bai, azpimarratu nahi nuke, Visa Vis an-tzezlana helduentzako dela, umeentzako baino. Edonola ere, helburua ondo pasatzea da.