«Herrialdeen arteko kooperazioa ere traturako moneta bihurtu da»

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 29a, 01:00

‘Emakumeak etsita... erosketa saskiarengatik.Globali- zazioa eta bere eragina Ipar eta Hegoaldeko familiako ekonomian’ hitzaldia emango dute gaur 18:00etatik aurrera, Sandiusterrin. Garaipen elkarteko hiru kide eta EHNEko kide bat bilduko dira horretarako. Bertako nekazaritzan globalizazioak izan duen eragina aztertzeaz gain, Garaipeneko kideek beren jaioterriko errealitateak aztertuko dituzte: Jeanne Rolande senegaldarra, Carmen Ágreda guatemalarra eta Ana Murcia salvadortarra izango dira.

Egitaraua
-Eguerdiko 12:30etan, kale antzerkia. Ibilki Gazte Etorkinen Taldearen eskutik.
-Arratsaldeko 18:00etan, hitzaldia Emakumeak etsita... erosketa saskiarengatik. Globalizazioa eta ondorioak Ipar eta hegoaldeko familien ekonomian izenburupean. Dokumentala, bideoa, hi-tzaldia, klown-ondorioak eta eztabaida irekia.

‘Emakumeak etsita... erosketa
saskiarengatik.Globali-zazioa  eta bere eragina Ipar eta Hegoaldeko
familiako ekonomian’ hitzaldia emango dute gaur 18:00etatik
aurrera, Sandiusterrin. Garaipen elkarteko hiru kide eta EHNEko kide bat bilduko dirahorretarako. Bertako nekazaritzan globalizazioak izan duen eragina aztertzeaz gain, Garaipeneko kideek beren jaioterriko errealitateak aztertuko dituzte: Jeanne Rolande senegaldarra, Carmen Ágreda guatemalarra eta Ana Murcia salvadortarra izango dira.

Nork antolatu ditu
jardunaldiak?

Ana: Jardunaldiak Garaipen Emakume Etorkinen Elkarteak antolatu ditu. Elkarte honek topaleku eta hausnarketarako leku izan nahi du bertako eta kanpotik etorritako emakumeentzat.  Gainera, Ibilki taldea dago, Garaipen barruko Gazte Etorkinen taldea.

Zergatik Hernanin?
A: Ni El Salvadorren nengoela, Hernaniko Udalak kooperazio proiektu bat zuen han. Hura zela eta, Hernanira etorri nintzen behin, eta oso itxura ona hartu nion. Orain ere Hernaniko Udalak  laguntzen digu,   eta iruditu zitzaigun herri egokia izan zitekeela jardunaldiak egiteko.

Globalizazioa eta modelo neoliberalaren eragina familia ekonomian. Zeri buruz ari gara?
A: Aztertu nahi dugu globalizazioak batez ere emakumeengan duen eragina, nola garestitu diren erosketak. Gainera ez da ezagutzen eragin hori. Bestalde,  inmigrazioa bera ere, globalizazioaren ondorio da.
Jeanne: Jendeak ez ditu ezagutzen globalizazioaren ondorio maltzurrak. Mendebaldeko herrien diskurtsoa jasotzen du eta egia esaten duzunean, jendeak ez du sinisten. Eta ondorioak oso gogorrak dira.
Carmen: Gainera guk erakutsi nahi dugu nola eragiten duen globalizazioak errealitate ezberdinetan.

Emakumea etsita... erosketa saskiarengatik. Pobreziaren feminizazioaz hitz egin daiteke?
J: Ez luke ezberdintasunik egon behar, baina errealitatea halakoa da: emakumea da hilaren bukaerara iristen dena,  iristeko estrategiak erabiltzen dituena... Eta ez bakarrik gure herrialdeetan, hemen ere askotan horrela da.
C: Emakumeek eramaten dugu aurrera gizartea. Egoera zailenetan ere tokatu den  rola hartzen jakin izan dugu.

Hego eta Iparraldeko herrialdeen arteko ezberdintasunetaz hitz egiten duzue. Egin daiteke bereizketa geografiko hori? Zeintzuk dira ezberdintasun horiek?
A: Ipar eta hego geure burua kokatzeko modu bat besterik ez da.  Gainera nik gehiago azpimarratuko nituzke berdintasunak, ezberdintasunak baino. Dena den, egia da askoz ere jende gutxiago dagoela iparraldean, baina aberastasuna hor pilatzen da.
Bestalde, lotsagarria da adibidez, kanpo zorraren gaia: hegoaldeko herrialdeek beren baliabideak erabili behar izaten dituzte, iparraldearekin aspaldi kitatutako zorrak ordaintzeko.


Beste kontu bat da, nola elkartzen diren iparraldeko eta hegoaldeko aberatsak eta oinarrizko zerbitzuak pribatizatu... oso sistema krudela da.
J: Munduko Bankuak eta  Nazioarteko Diru Funtsak (FMI), ´egokitze estrukturalerako programen` bidez lanpostuak, zerbitzuak eta abar kendu nahi izan zituzten, Senegalen adibidez. Hori jendea pobrezian irauteko modua da.
Faktore asko tokatu dira batera: gure herrian geure ondasunak kendu dizkigute, eta hona etorri  eta ez digute lagundu nahi. Eta guk aberastasuna dakarkigu. Ez gara aprobetxatzen zerbitzu sozialez, esaten duten bezala. Normalean etorkina sasoiko jendea izaten da. Europak ez digu lagundu nahi eta guk pobrezian jarraitzea nahi du.

Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko alternatibak aipatzen dituzue. Zeintzuk dira? Zer da ekonomia solidarioa?
J: Senegalen badugu sistema egokia: Tontine. Kontua da talde bateko jendeak hilero hainbat diru jartzen duela, eta aldiro dirua pertsona ezberdin batek eramaten du bere beharretarako. Horrela, berez lortuko ez zukeeen dirua du eskutan.
A: Duela gutxi Bakearen Nobel Saria jaso duen Yunus indiarraren mikrokreditu sistema ez zaigu egokia iruditzen. Kreditoak ematen dizkiete, normalean emakumeei, baina emakume horiek erabat presionatuak sentitzen dira mikrokredituaren dirua itzultzeko. Emakumeei ematen diete, badakitelako hauek itzuli egingo dutela. Orain  Hego Amerikan ezartzen ari dira.
C: Kooperazioa erabat baldintzatua dago eredu kapitalistengatik. Horregatik hausnarketa bat egin behar da  kooperazioari buruzkoa.

Beraz, kooperazioa ez da beti egokia izaten?
J: Batzuetan ez da gehiegi pentsatzen zer egiten den eta nola. Esate baterako, Senegaleko herri askotan, plazan, zuhaitz garrantzitsu bat izaten da, Hitzaren Zuhaitza esaten diotena, eta zuhaitz honen azpian biltzen dira normalean herriko gizasemeak tertulian aritzera. Bitartean emakumeak lanak egiten dituzte, tartean ura garraiatzea, errekatik etxera. Emakumeek tarte hori aprobetxatzen dute beren kontuetaz hitz egiteko, elkarri ilea orrazteko eta abar. Herriren batean gertatu izan da kooperanteak iritsi, beren borondate on guztiarekin, eta putzu bat egitea herriko plazan, gizaseme guztien aurrean. Zer gertatzen da? Horrela gizonek emakumeengan duten kontrola askoz ere haundiagoa dela. Honekin esan nahi dut, askotan gauzak gehiegi pentsatu gabe egiten direla, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartu gabe. Kuestioa da dena arautzen dela mendebaldeko gizartearen ikuspegitik.
Gainera, erantsi nahi dut, garrantzitsua delako, kooperazioa erabat baldintzatua dagoela. Gaur egun herrialdeen arteko kooperazioa traturako moneta bihurtu da, alegia, nik kooperazioaren bidez lagunduko dizut eta zuk ordainetan, zure herrialdeko mugak itxi behar dituzu, emigrante gehiago ez ateratzeko.
A: Egia da kooperante asko dagoela intentzio onarekin, baina egia ere bada, kooperante asko engainatuta joaten dela. Esate baterako, unibertsitateko ikerlari asko eramaten dituzte ikerketak egitera, jakin gabe, ikerketa horiek gero multinazionalek erabiliko dituztela.
C: Dena den, onartu behar dugu guk ere askotan koperazioaren arabera funtzionatzen dugula. Eta hori barrura begirako kritika da.

Hemengo kooperazio taldeekin harremanik baduzue?
A: Zehaztu behar dugu kooperazioaz hitz egiten dugunean, herrialde mailako, gobernuek bideratutako kooperazioaz ari garela hitz egiten. Hemengo taldeak, egia esan, ez ditugu gehiegi ezagutzen. Egia da, hori bai, El Salvadorren eta Guatemalan kooperante euskaldun asko aritu dela.

Etorkinek jatorrizko herrialdera bidalitako diruaren garrantzia azpimarrratzen duzue.
C: Pentsa, Guatemalako bigarren diru iturria da gaur egun.
A: El Salvadorren, berriz, lehenengoa da. Diruaren %90 emigranteek bidalitakoa da.
J: Afrikan emigrazioa gizonezkoa da. Normalean kanpora joaten direnean hango gizarte eredua jarraitzen dute eta dirua bidaltzen dute. Familia baldin badute, normalean ekartzen dutenean, dirua bidaltzeari uzten diote, edo gutxiago bidaltzen dute. Emigrazioak gainera baditu beste koste batzuk, emakumeari eragiten diotenak: gizona joaten denean, emaztea aitagin eta amaginarrebaren etxera joaten da eta kontrol familiarra eta soziala ikaragarriak dira. Egoera oso gogorrak bizi dira. Eta hala ere, jendea kaiukoetan abiatzen da bere bizi-tza jokoan jarriz, egunak eta egunak itsasoan, janaririk gabe eta igeri egiten jakin gabe. Hegazkinez ateratzeak 300 euro balio ditu, kaiukoan ateratzeak 1000 euro, baina  hegazkinez ateratzeko, bisadua behar duzu eta kaiukoz ateratzeko, ez.


Guzti honek kalte haundiak eragiten ditu zentzu guztietan: familia berriz elkartzen denerako urte asko pasako dira,  bizipen asko, egoerak eta pertsonak izugarri aldatzen dira, eta senarrari jarraituz datorren emazteak sekulako bakardadea jasan behar izaten du hemen, ez baitu jaioterrian zuen harreman sarea.
Han bertan ere, baloreak aldatu egiten dira, neska guztiek nahi baitute kanpoan egon den norbaitekin ezkondu, dirua duelakoan...
A: Jendeak ez daki zer gertatzen zaien etorkinei, hauek ez baitute egia esaten, askotan lotsarengatik... isilune handiak izaten dira honelako esperientzien inguruan, eta egia esaten diezunean ez dizute sinisten.


Zenbat denborarako joaten da emigrante bat? Itzultzeko asmoarekin joaten da? C: Normalean denek diote urte batzuk pasa, dirua egin eta itzuliko direla baina gero...
J: Senegalen normalean familia eramaten dutenak ez dira itzultzen, familiarik ez dutenak normalean bai...

Etorkinen errealitateaz hitz egiteaz gain, garrantzia ematen diozue hemengo emakumeen egoerari.
A: Bai, loturak sortu nahi ditugulako hango eta hemengo emakumeen artean.
C: Izan ere, hango eta hemengo emakume askoren egoera ez da hain ezberdina. Guatemalan adibidez, dolarra sartu zenean hemen euroarekin gertatutako fenomeno beretsua gertatu zen. Gainera, jendeak gehiago sentitzen ditu gauzak, gertu tokatzen zaizkionean.

---------------------------------------------------------------------------------------

Mikrokredituak
2006an Muhammad Yunus indiarrak Bakearen Nobel Saria jaso zuen pobreziari aurre egi-teko sortutako mikrokredituengatik. 1976an sortu zuen Grameen Bank, munduko lehen ‘banku etikoa’. Helburua, berriz, jende txiroari mikrokredituak eskaintzea, batez ere, nekazari giroko emakumeei. Eredua munduko  60 herrialdetara esportatu zuten, eta Munduko Bankuak eta erakunde askok bultzatu dute.
Elkarrizketatuen esanetan, mikrokredituen sistema ez da dirudien bezain egokia. Batetik, nekazari eremuetako emakumeengana jo dute, badakitelako emakumeek eramaten dutela etxeko ekonomiaren martxa, eta kosta ahala kosta, kreditua itzuliko dutela; eta bestetik, jendea zorretan jartzen duelako berriz.
Honen aurrean, jende txiroari laguntzeko beste sistemak badaudela argudiatzen dute, mendebaldeko eskema ekonomikoetan ez oinarrituak.


Tontine sistema, mikrokreditu
alternatiboa

Senegalen Tontine izeneko elkartasun sistema dute. Tontineko kideek hilero, eta bakoitzak ahal duen neurrian, dirua jartzen dute, eta hilaren bukaeran, taldeko kide bakar batek hartzen du diru guztia. Ez dago paperik, konfidantza kontua da. Hartara, pertsona horrek bestela izango ez lukeen diru kantitatea dauka, negozio bat martxan jartzeko, bidaia bat egiteko edota botikak erosteko, esate bate-rako. Ez du zertan bueltatu dirua, eta konpromezu bakarra du: hilaren bukaeran bere partea jartzea, berriz ere ahal duen neurrian, beste batentzat.
Afrika osoan erruz zabaldutako sistema da, eta zenbait herrialdetako ekonomiaren zati haundi bat honela gestionatzen da.             

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!