AÑARBEKO urtegia bete egin zen asteazken goizean, eta hori dela eta, ura ateratzen hasi zen presa goialdetik, urtegia beteta dagoenetan urak ateratzeko duen berezko ubideetatik. Ordu batzuk pasa ondoren, asteazken goizean bertan, presaren azpiko aldeko ateak irekitzea erabaki zuen Añarbeko Urak S.A.-k, uraren emarian interesatuta dauden alde ezberdinekin adostuta, tartean Hernaniko Udaltzaingoa. Zehazki, 24 m3 segunduko ari zen ateratzen ubide horretatik. Erabakia urtegian lekua egiteko hartu zen, hurrengo egunetan etortzekoa zen euriarentzako.
Urtegitik etorritako azken berriek azaldu dute presaren beheko ateak itxi egin zituztela ostegun arratsaldean, Urumeak gero eta ur gehiago zekarkiela eta, eta euri gehiago aurreikusita zegoela. Azaldu dutenez, erabaki honekin saihestu nahi izan dituzte Añarbeko urtegiarekin lotu zitezkeen kalteak.
Normalean Ereñotzuko estazioan izaten dute erreferentzia Urumeak dakarkien ura neurtzeko. Puntu horretan urak 1,60 metroko altuera dakarkienean, alarma aurreko egoera izaten da. Urak 1,80 metroko altuera hartzen duenean, alarma egoera izaten da.
Hasiera batean adostutako erabakiaren arabera, Ereñotzun ur maila 1,40an zegoenean zen presa irekitzekoa, eta hala egin zen. Bestalde, Ereñotzuko urak 1,60 metroko altuera hartzean itxi behar zuten presa azpiko ubidea, baina azaldu dutenez, itxiera aurreratu egin zuten eta ostegun arratsaldeko 19:30etan itxi zuten, Ereñotzun urak 1,51 metro zeuzkanean. Momentu horretan presak 955.650 m3 ur hartzeko moduan zegoen.
Presa berriro bete zen atzo arratsaldean
Atzo arratsaldean presa berriro ere bete zen eta, hori dela eta, presaren goiko aldeko ubideetatik ura ateratzen hasi zen. Horrez gain, emari ekologikoa deritzona eta etxeetan erabiltzeko ura ere ateratzen zen urtegitik, azaldu dutenez, bi ur emari hauek urte osoan izaten dira.