EZ da Aste Santu ona izan turismorako eta bazter ezberdinak ezagutzeko, ez inguru honetan behitzat. Horren islada da Aste Santuan Chillida Leku museoan jaso dituzten bisitek behera egin dutela aurten. Museoak jakinarazi duenez, sasoi honetan espero ziren bisiten %50 jaso dute. Museoak azaldu du Aste Santua eta udara izaten direla bisita gehien jasotzen diren urteko sasoia, eta aurtengo Aste Santuaren ondoren zaila izango dela beste urteetako bisita kopurua berreskuratzea.
Gala afaria eta kontzertua, erakusketa eta kongresua
Bestalde, apirila eta maiatzerako hainbat ekitaldi antolatu dituzte Chillida Lekun. Apirilaren 4an gala afaria izango da, 150 bat pertsonentzat. Bertan Patricia Kraus musikariak bere azken lana Alma aurkeztuko du. Afaria Joan Mari Arzakek jarriko du eta bera ere bertan izango da. Gala afari honetarako sarrerak 190 euro balio du, eta trajez jantzita joan behar da. Izena emateko: 943 33 59 63. Museoak azaldu du jende mota ezberdinarengana iristeko moduko ekitaldiak antolatzen ari direla. «Alde batetik, Sagardo Eguna bezalako jai herrikoiak antolatzen ari gara, eta horrekin batera etiketa afariak. Asmoa jende mota ezberdinengana iristea da». Bestalde, maiatzaren 29 eta 30ean Materialografia eta Karakterizazio Estrukturalari buruzko 5garren kongresua izango da. Materialen munduan izan diren aurrerapenei buruz hitz egingo dute, baita nanoestrukturei buruz ere.