Irubelakaskora Mendiriz Mendirekin, baso eta tontorrik ederrenetan barrena

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 6a, 02:00

Mendiriz mendi Mendiriz Mendik proposatutako ibilbidea Behe Nafarroako Bidarrai eta Nafarroako Amaiur herrien artean dago. Mendiriz Mendi hilaren 20an, igandea, joango da Irubelakaskoko mendi buelta egitera. Deialdia irekia da eta izena eman behar da elkartean.

Nola iritsi
Hernanitik A8an barrena Irungo norabidea hartu. Irungo mugara iristean, A-63ak bat egiten du A-8 autobidearekin eta bertatik jarraitu beharko dugu Baionara iritsi baino lehen D-918 errepidea hartu arte. Errepide honek Bidarrai herriraino eramango gaitu. Hemendik emango diogu hasiera ibilbideari.

Ibilbidearen deskripzioa
Bidarraitik (153 m) abiatu eta lehen pausuak mendebalderantz emango ditugu GR-10ari dagozkion marrak jarraituz. 20 minutura, GR-10aren marrak dagoeneko atzean utzita, errepide txiki bat topatuko dugu. Errepide honek, 3 kilometro ibili ondoren, Sumusuako Bentara (160 m) zuzenduko gaitu eta bukaera aldean hego-mendebalderanzko norabidea hartuko du. Benta honetan, Nafarroan sartuko gara. Hemendik Aritzakun aldera hartuko dugu eta 50 bat metrotako bide motza egin ostean, ezkerretara bide motz bat topatuko dugu. Guribide hau hartu bezain laister, berriro ere utzi egin beharko dugu, ezkerretara gogor gora egiten duen bidezidorra hartzeko, Ezkiarteko gailurrerira iritsi arte (630 m). Magala zeharkatu eta izen bereko lepora iritsiko gara (600 m). Lepo honetan igoeraren bigarren zatia hasten da. Pagadi bat zeharkatu beharko dugu, lepo batera ailegatzeko eta hemendik ezkerretara joko dugu gailurreria hartu arte. Aurrera, gailurrei jarraituz, batzuetan eskuinetik, besteetan ezkerretik, Irubelakaskoa edo Alkatxuri (957 m) gailurrera iritsiko gara. Mendi honetatik ingurune ederrak ikusten dira. Besteak beste, Alkurruntz, Mondarrain, Iguzkimendi, Artzamendi, Itsusiko Aitzak, Baigura, Iparla hurbil, Zuriain, Saioa, Mendaur, Ernio, Aizkorriko gailurreria eta Aiako Harria ikusi daitezke urrutian. Gailurra igo ondoren, ibilbidea gero eta lasaiagoa da. Gorostiko lepora (813 m) jaitsiko da, gero Burdingurutzetako lepora (893 m) igotzeko. Azken puntu honetan, baso zoragarrian sartuko gara Itzulegiko lepora (710 m) iristeko. Hemen errepidea gurutzatu ondoren, belardi eta garo artetik Amaiurrera jaitsiko gara.

Jakin beharrekoak
Ibilbidean pasako den Sumusuako Benta gune garrantzitsu batean dago kokatua. Nafarroako Erratzu herriko partea izan arren, Iparraldeko Bidarrai herritik gertuago dago. Horregatik, urte askotan bizimodua Bidarrain bertan egin izan dute, eta ez Erratzun. Mendia igoko dugun zentzuan, ezkerretara begiratuz gero, Urritzateko bailara aurkituko dugu, oraindik berezko izaera mantentzen duena. Eskuinetara, berriz, Aritzakungo bailara dago. Nafarroatik egin duten pista bat dela eta, azken honek zuen berezkotasuna galdu egin du. Bailara hauetatik berezko errekak jaisten dira eta Sumusua inguruan bat egin ondoren, Baztan izena hartzen dute. Erreka honek Errobi ibaira isurtzen ditu bere urak. Aipatzekoa da, bitxikeria gisa, Gorramendi mendiaren magaletik pa-sako garela eta mendi honetan amerikarrek base militarra izan zutela. Amaiurko gazteluan, Fernando El Católicoren soldaduek, 1522an, Albreteko Enrike IIaren jarraitzaile nafarrak menperatu zituzten eta Nafarroako lurrak Castillako lurrak izatera pasa ziren.

Datu interesgarriak
- Distantzia: 19 kilometro.
- Denbora: 7-8 ordu.
- Desnibela: Gora 1.060 metro; behera 920 metro.
- Gailurraren altuera: 957 metro.
- Zailtasuna: Mendian trebatuta daudenentzat. Ibilbide luzea.
- Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
- Mendiriz Mendik apirilaren 20an egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!