Nola ari zara finala prestatzen?
Beste garai batzuetan baino lasaiago. Egunero ari gara entrenatzen, baina mantentzeko bakarrik. Astelehenean entrenatu genuen, asteartean ere korrika egin nuen pixka bat, atzo ere beste pixka bat eta gaur material aukeraketa izango da. Ostiralean ere entrenatuko dugu zertxobait. Eta igandean finala.
Jokatutako azken partiduak ze sentsazio utzi dizkizu?
Azkeneko partiduan oso gaizki pasa nuen, ez neukan arrazoirik nerbioso egoteko, baina nerbioso jarri nintzen. Nik uste dut hortik ikasi egin behar dela, ona da baita ere bere zentzu positiboa hartzea, ondo etorri zait hankak lurrean jartzeko, eta finalera buzoa jantzita eta atope, lan egitera joateko. Eta gero finaleko asmoei buruz esango nuke, finalak izan behar duela ahal dugun neurrian disfrutatzeko. Ahal dugun ondoen jokatzea da asmoa. Neretzat finalean egotea amets bat egi bihurtzea da. Nerbiosismo eta tentsio guzti horri buelta eman behar zaio. Denataz ahaztu behar dut, frontoian nagoela pentsatu, bi pareten artean eta listo. Nere aldetik, pentsatu behar dudana da, ditudan arma guztiak erabili behar ditudala, beraiek ez eroso sentitzeko frontoian, ahal dudan zailtasun gehienak jarrita.
Finala aurreko partiduaren errepikapena izango da neurri batean. Azken partidua galdu izanak zer esanik izan al dezake finalean?
Aurreko ligillan guk irabazi egin genien, semifinaletan galdu egin genuen, baina partidu bakoitzak bere ezaugarriak ditu, frontoi bakoitzak ere bai, eta finalak ere bai. Motibazioa ere ezberdina da, lehen esan dudan bezala, agian ondo etorri zitzaidan partidu hura hankak lurrean jartzeko eta dena ematera joateko. Azken partidura beste motibazio batekin joan ginen, 6 tanto eginda finalean ginela pentsatuz, horrek dakarren guztiarekin. Nik uste, finalean nerbioak hobeto asimilatzen dituenak izango dela nagusi. Bi aurrelarietan, errematatzeko aurrean pelota gehien aurkitzen duenak ere zer esan haundia izango du. Nik uste hortik joango dela partidua.
Materialari buruz, zer nolako materiala nahi zenuke final honetarako?
Materialak zenbateko eragina izango du?
Material berdintsua atera dugu partidu guztietan. Frontisean ez dena hainbeste ateratzen eta lurrean ibiltzen dena. Titinek eta Laskurainek bote haundiagoko pelotak aukeratu dituzte, frontisetik gehiago ateratzen direnak. Hala ere, material guztiekin jokatu beharra dago. Orain arte, nik uste, materialarekin ondo moldatu naizela, bi partidu kenduta besteak nahiko ondo jokatu ditut. Pentsamedu horrekin atera behar dut. Esaten da pelota batek erabaki dezakeela partidu bat, baina kasu honetan ez dut uste horrela izango denik.
Bigarren mailako binakako finaletan izana zara. Konpara al daiteke aurreneko mailako final bat bigarren mailako batekin?
Erabat ezberdinak dira. Haiek bere garrantzia izan zuten bere momentuan, baina partidu hauek historiarako dira. Hemen egotea pelotari guztiek amesten dute, eta hortik aparte, pelota ezberdinak dira, frontoia, giroa, komunikabideen jarraipena ere ezberdinak dira. Transzendentzia haundiagoa du final honek.
Finala irabazi edo galdu, nola ari zara bizitzen txapelketan parte hartzea. Nola ari zara asimilatzen lehenengo mailako txapelketan parte hartzea?
Pixkanaka pixkanaka, ez naiz kontziente erabat, kontziente naiz jendeak kaletik ezagutzen nauela telebistan ateratzen naizelako. Baina uste dut ez naizela kontziente egiten ari naizenaz. Egunen batean jabetuko naiz eta gehiago baloratuko dut, baina orain partiduen azkartasunarekin eta ezin dut. Nik beti izan dudan txipa izan da partiduz partidu joatea, eta gero Oier Zearra osatzean, bera sartuko zela. Semifinaletatik aurrera hori aldatu egin da. Nik uste dut nahiko ondo ari naizela asimilatzen.