AZKEN egunetako euriteek ekarri dituzte ondorioak, Landare urez gainezka ageri baitzen atzo. Errugbi elkarteko arduradunek azaldutakoaren arabera, atzo goizeko 09:30etan hasi zen Urumea ibaia Landare parean ateratzen eta ordu erdiren bueltan zelai osoa urez bete zen. Taldeko arduradunak kezkatuta agertu dira, asteburu honetan estatu mailako txapelketako partidua zutelako jokatzekoa jubenilek Landaren. Orain beste zelai bat aurkitu beharko dute. Jakina da Landare behin baino gehiagotan izan dela urez gainezka. Azken uholdea iaz izan zen. Oraingoan, aurreko aldietan bezala, ura jaitsi arte itxaron beharko dute eta berriro ere belar hazia bota eta itxaron. Zelaia jokatzeko pronto noiz izango den ez dakite. Landarez gain, Karabeleko baratzetako parean, errioa ateratzeko puntu-puntuan zen atzo. Ereñotzu eta Fagollagan ere ez zitzaion asko falta errekari ateratzeko.