GOIZ Eguzkin dagoen Ginkgo biloba zuhaitzak oinordekoak ditu Claudio Cao hernaniarrak egindako ahaleginari esker. Guztira hiru landare txiki atera ditu. Hiru landare horiek Hernaniko Udalari eman zizkion, bi landare txiki, edalontzi banatan; eta beste bat, metro ingurukoa, lorontzi batean. Lehenengo biak zaintzen ari dira, zertxobait haunditu eta lorontzi haundiago batean aldatzeko. Landarerik haundiena Atarrabiyo parkean jarri dute Goroldiko langileek. Hesola jarri diote inguruan babesteko eta lur goxoa azpian ondo hazi dadin. Dagoeneko hostoak atera zaizkio eta ezeren arazorik ez bada, aurrera aterako da. Landare haundiena lurrezko lorontzi haundi batean entregatu zuen Claudio Caok eta eskerrak emateko edo, lorontzi bera lore, jazinto eta tulipanekin itzuli diote. Goiz Eguzkin dagoen Ginkgo biloba Zuhaitz Aparta izendatu zuen 1997ko dekretu batean Eusko Jaurlaritzak. 110 urte ditu, emea da eta Gipuzkoan dagoen haundienetakoa da: 21 metroko altuera du eta 4,5 metroko perimetroa. Zuhaitzak zaintza berezia jasotzen du eta osasuntsu dago.
---------------------------------------------------------------------------------
CLAUDIO CAO - Landareak atera dituen herritarra.
«Atarrabiyon dagoen landarea 2002garren urtean jaio zen; orain 1,70 metro ditu»
CLAUDIO Cao hernaniarra da Goiz
Eguzkiko Ginkgo bilobari landareak atera
dizkiona. Denbora zeraman ahaleginak egiten eta azkenean lortu egin du. Nola egin duen azaldu digu.
Nondik nora sortu zitzaizun Ginkgo biloba zuhaitzari
landareak ateratzeko idea?
2000garren urtean izan zen gutxi gorabehera. Goiz Eguzki parkean Ginkgoaren azpian hazi bat ikusi nuen, aran itxurakoa. Zuhaitzean ere bazeudela ikusi nuen eta orduan pentsatu nuen haziak landatu nitzakeela eta landareak atera.
Lortu arte ahalegin asko egin behar al izan dituzu?
Bai, askotan saiatu naiz eta 2002garren urtean lortu nuen lehenengo landaretxoa haztea. Orain Atarrabiyo parkean jarri dutena. Orain 1, 70 metro neurtzen du. Beste bi ere ateratzea lortu nuen beranduago, horiek 20-30 cm. artean neurtzen dute. Biberoan gordeta dituzte gehiago hazi eta parkeren batean jartzeko.
Modu askotara saiatuko zara. Zein modutan lortu duzu
landarea ateratzea?
Modu askotara saiatu naiz bai, baina modu jakin batean lortu dut emaitzik onena. Ez zait beti ondo atera, baina atera denetan modu honetan egin dut. Lehenengo, hazia garbitzen dut aranaren haragia kenduta, sekulako usain txarra duena. Harri moduko bat lortzen da horrela. Mailuarekin golpe bat eman eta zartatu egiten dut hazia, pixka bat, landarea errazago atera dadin. Ongarri eta lurra normalak erabili ditut, eta hazi, etxeko balkoian hazi ditut.