Globalizazioak familien ekonomian duen eragina aztertuko dute datorren larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 24a, 01:00

Emakume Inmigranteen ‘Garaipen’ taldeak antolatu ditu jardunaldiak, Udaleko Kooperazio sailarekin batean. Clown debatea eta antzerkia izango dira.

Globalizazioak eta modelo neoliberalak familien ekonomian duten eragina aztertuko dute datorren larunbatean, 18:00etan, Sandiusterrin. Garaipen emakume inmigranteen taldeak eta Udaleko Kooperazio sailak antolatuta, debatea eta kale antzerkia izango dira. Afrikako, Hego Ameriketako eta Euskal Herriko egoerak aztertuko dira eta eztabaida zabala izango da, jendeak parte hartzeko aukerarekin.

Familien ekonomia

Jean Rolande Dacougna senegaldarrak, Carmen Ágreda Guatemalakoak eta Ana Murcia El Salvadorkoak hartuko dute parte eztabaidan, eta EHNE sindikatuko ordezkariren bat ere izango da seguruenera. Globalizazio neoliberalak familien ekonomian duen eragina aztertuko dute eta baita eguneroko bizitzan emakumeen egoera eta Hego eta Iparraldeko familien egoera ere. Horrez gain, eguneroko erosketak garestitu izana ere aztertuko da.

Esperientzia alternatiboak

Eguneroko erosketak garestitu izanari aurre egiteko bilatu behar izaten diren alternatiben berri emango dute igandeko eztabaidan, Garaipen taldeko kideek jakitera eman dutenez. Hego eta iparraldeko herrialdeen arteko desberdintasunak, pobreziaren feminizazioa eta inmigrazioaren pobretzea bezalako gaiak ere aztertuko dira eta egoera hauei aurre egiteko esperientzia alternatiboak ere bai. Ekonomia solidarioan oinarritutako esperientziak azalduko dituzte eztabaidan.

Kooperazioaren garrantzia

Hernaniko Udalak diruz laguntzen ditu Garaipen taldearen zenbait proiektu, Kooperazio laguntzen bidez, eta nazioarteko kooperazioak herrialde horietan duen garrantziari buruz ariko dira. Horrez gain, beren herrialdeetara emakume inmigranteek bidaltzen duten diruaren beharra eta garrantzia ere aztertuko dituzte. Eztabaida bukaeran laburpen bat egingo dute Rakel Imaz eta Sergio Daneri pailazoek, Clown-debateari amaiera emateko, eta gazte inmigranteen Ibilki taldeko kideen parte hartzea ere izango da.

Kale antzerkia

Igandean bertan, kale antzerkia izango da, eguerdiko 12:30etan, Plaza Berrin, gai berari buruz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!