Leire Goñi:
Periko Zugastik 83 urte ditu, eta gogoan ditu Aberri Egunetako ospakizunak, etxean urtero ospatzen baitzuten. «Goizeko bederatzietan txistulariak pasatzen ziren kaleetan barrena, bai herritarrei, eta bai agintariei gogorarazteko 10:00etan meza nagusia zegoela».
Horrelaxe hasten zuten eguna beraz, gerra aurreko Aberri Egun haietan. Txistuarien hotsarekin esnatu, balkoian ikurrina zintzilikatu eta 10:00etako meza nagusira joaten ziren. Eliza ere desberdina zen orduan: «Eliza lisoa zen, ez orain bezala. Aurrean, pulpituaren azpian emakumeak jartzen ziren. Ondoren, atzean eta koska batean igota, gizonak jartzen ziren. Izan ere, gizonak dira apaiz izatera irits daitezkeenak, eta horregatik, koska baten gainean egoten ziren, emakumeen gainetik bezala!». Egun hartako abestiak ere gogoan ditu: «Meza zoragarria izaten zen, apaina».
Mezetatik aterata, euskaldunok konplitu beharra izaten dugun ohitura zaharrenetariko bati jarraituz, tripa ondo betetzeari ekiten zioten, noski: «Familia giroan elkartzen ginen eta bapo bazkaltzen genuan: arkumea. Arkumea jatea derrigorrezkoa zen!».
Hala ere, Hernanin jende gutxik ospatzen zuela dio Zugastik. «Gerra aurreko garai haietan, Aberri Eguna ezkertiarrek eta euskaltzaleek ospatzen zuten, eta Hernanin, gutxi ziren abertzale-ezkertiarrak. Gehienbat errepublikarrak, anarkistak, sozialistak eta komunistak ziren. Aberri Eguna gainera, euskal kristauentzat egun berezia izan da beti, baina gaur egun...». Bere ustez, gaurkoan Aberri Eguna guztiz banatuta dago, politikariek banatu dute. EAJk ere, bere kristau kutsua galdua duela dio: «Nor da Jeltzalea gaur egun EAJn? Jeltzalea: Jaungoiko eta lege zahar zalea. Galdua dago hori guztia!».
Aberri Egunaren bilakaera
1932. urtean ekin zitzaion Aberri Eguna antolatzeari, eta Bilbon ospatu zen lehen egun hura ez zen gerra aurreko bakarra izan.
1933ko apirilaren 16an Donostia izan zen Aberri Egunerako hautatutako hiriburua. «Euzkadi-Europa» lemapean milaka pertsona bildu ziren Europan euskal nazioa errebindikatzeko.
Hurrengo urtean, Gasteizen ospatu zen Aberri Eguna. Garaiko prentsak zioenaren arabera, 40.000 pertsona inguru elkartu ziren. Euzkadi egunkariak adierazi zuen, «abertzale guztien ahalegina izan zela argi adieraztea Araba Euskadiko atala dela, euskaldun guztiek benetan maite dutena, eta inguruabar hori uka ezina dela».
1935ean Iruñaren txanda iritsi zen, baina ez zailtasunik gabe. Nafarroako muturreko eskuinak eta gobernu espainolak jarritako hainbat oztopo zirela medio, Aberri Eguna ekainaren 30era atzeratu behar izan zen. Azkenean, EAJk Aberri Eguna ospatzeko baimena negoziatu egin behar izan zuen, eta Euzko Eguna izenaren itzalpean hainbat ekitaldi kultural antolatu zituzten, ekitaldi politikoak alde batera uztera behartuta. Hala ere, Napar Buru Batzarrak adierazi zuen: «historiak galdu zuena jeltzaletasunak Nafarroarako irabazten du. Hori da Aberri Egunaren jaiko sentimendua (...) Euskal anaitasunaren jai ederra da». Beraz, jaiak ez zuen Aberri Egunaren zaporerik galdu.
1936an Euzkadi Buru Batzarrak Aberri Eguna herri guztietan ospatzea erabaki zuen, baina gerra zibilak ekarritako heriotza, sufrimendu eta errepresio egoerarekin urte batzuk igaro ziren nahi hori gauzatu ahal izateko.
Gerra osteko Aberri Egunak
1963ko apirilaren 15ean gerra osteko lehen ekitaldia antolatu zen Iparraldean. Enbata mugimendu politikoak belaunaldi gazteen agerpena islatu zuen, eta Itxasun (Lapurdin) bildurik, ekitaldi berezia antolatu zuten. Enbatako kide Ximun Haranek eta ETAko Julen Madariagak Gernikako arbolaren kimu bat landatu zuten, eta nazioa berriro elkartzeko eta euskaldunen autodeterminazio nahia adierazteko manifestu bat aldarrikatu zuten, harri batean grabatu eta finkatu zutena.
Ordutik aurrera antolaturiko Aberri Egunek zailtasun handiak gainditu behar izan zituzten ospatu ahal izateko. Batetik errepresio gogorra zela eta, eta bestetik, EAJ eta ETAren arteko banaketa gero eta handiagoak, Aberri Eguneko ospakizunak banatu eta sakabanatu zituzten.
1975ean EAJk Gernikan antolatu zuen Aberri Eguna. Bertan, PCE, PSOE, ORT, MCE, LCR, Partidu Karlista eta ETA p-m elkartu ziren. Estatu Batuak Bilbon zuen kontsula eta, Willy Kuijpers eta Walter Luiten diputatu flamenkoak ere ekitaldira hurbildu ziren. Hala ere, gobernu frankistak gogor erantzun zuen, eta diputatu flamenkoak Espainiatik kanporatu egin zituen, eta The Guardian egunkari amerikarreko korrespontsala atxilotu.
Franco hil ostean, Aberri Egunari haize berriak iritsi zitzaizkiola sinistuta, 1976ko udaberrian Telesforo Monzonek idatzitako artikulu baten bidez EAJk erakunde guztiei luzatu zien Aberri Eguna ospatzeko gonbitea, eta euskaldunen hiriburutzat jotzen zuten Iruñean ospatzea erabaki zuten ia alderdi guztiek. Baina Gasteizen martxoaren 3an izandako sarraskiak eta ondorengo langileriaren mugimenduek, ETAk Angel Berazadi bahitu eta erail izanak, Segoviako ihesak, eta Arias Navarroren gobernuaren gogortasunak asko zaildu zuten egoera. Pazko Igandean Iruñea poliziak hartuta zegoen. Cambio 16 aldizkariak 2.000 polizia zeudela argitaratu zuen, Radio Parisek berriz, 4.000 inguru zenbatu zituen. Manifestaldiak laburrak eta arriskutsuak izan ziren, eta poliziak 100dik gora pertsona atxilotu zituela adierazi zuen.
1978ko martxoaren 27an Aberri Egun bateratua antolatu zen, hiriburu desberdinetan. Donostian 70.000 pertsona inguru bildu ziren, Bilbon 100.000 inguru, Iruñean 40.000 inguru, eta Gasteizen 20.000 inguru.
1979ean ordea, diktadura osteko lehen hauteskundeen ondorengo Aberri Eguna banatu egin zen, Xibertako elkarrizketen hausturaren ondorioz. Gauzak horrela, EAJk bere aldetik eta HBk beretik antolatu zuten ospakizuna.
1999an, Lizarra-Garaziko akordiotik urte erdira, Udalbiltzak `Herri bat gara` lemapean Aberri Egun bateratuaren aldeko deialdia egin zuen. Modu honetan, ekitaldi jendetsu bakar bat egin ordez, ekitaldi desberdinak antolatu ziren hainbat herritako udaletxeen aurrean. Udalbiltzak Aberri Egun bateratuaren alde egin bazuen ere, gaur egun oraindik ere ospakizunak zatitua izaten jarraitzen du.
Aberri Egunaren sorrera
LUIS Arana, Sabino Aranaren anaia, 1882. urtean bidaia bat egiten ari zela, berarekin zihoan Santanderko batek horrelaxe esan omen zion soinean zeraman foru-intsignia ikusita:
«Begira, ez dut ondo ulertzen. Bizkaitarrak espainolak bazarete, eta zuen Aberria Espainia bada, ez dakit zergatik goza dezakezuen gainontzeko espainolek ez ditugun foruez, eta nolatan saihestu ditzakezuen Aberri beraren aurrean espainol guztiok izan behar genituzkeen betebeharrak. Foruei esker ez duzue ejertzito espainolean zerbitzurik betetzen, ez duzue dirurik ematen Aberriaren Altxorrerako. Ez zarete batere espainol onak...»
Gizon hark esandakoari buelta dezente eman ondoren, Luisek bizkaitarra zela erabaki zuen, eta ez espainola. Horrela, bere anaia Sabino Aranari azaldu zion gertatutakoa, eta honek, Aberria eta euskal nazionalismoa aurkitu omen zituen.
EAJren tradizioak dioenez, Arana anaien elkarrizketa hura 1882ko Berpizkunde Igandean gertatu zen. Sabino Aranak idatzitako izkriburen bat aurkitu omen zuten zera zioena: «Baina 1882ko Berpizkunde Igandea, nire Aberria ezagutu nueneko egun zoragarria!»
Historialari askoren ustetan ordea, zaila da hori frogatzea, eta Aberri Egunari kutsu erlijiosoa eman nahi izan ziotela uste dute, Bigarren Errepublikaren sekularizazioari aurre egiteko. Hala ere, EAJk 1932ko martxoaren 27an Bilbon antolatu zuen lehen aldiz Aberri Eguna, Berpizkunde Igandean, Sabino Aranak Aberria ezagutu zuenetik 50 urte pasa zirela ospatzeko. Lehen Aberri Egun honetan, EAJren sortzaile izan zen Sabino Aranaren etxeraino iritsi zen manifestazio bat egin zen. Gaur egun, toki horretantxe dago EAJren etxea den Sabin Etxea.
Aberri Oyuak
Euskotarrak, alkartu!
1932garren urtean, Bilbon Abertzale Orobatasun jaia zala-ta, egiña
Joseba Zubimendi
Alkartu biotzez euskotar danak,
euskotar anai danak alkartu!
Alkartasunak
Ta maitasunak,
Euskadi zarraren kate astunak
ausiko ditu
***
Mendi tontorrean bildotx ardiak
gogoz ari dira, belarra jaten.
Beren artzaiak
apal, alaiak,
ikusirik artaldearen naiak,
pozik abesten.
Ixilik gordeta otso zakarra
erne dago beti, garaia danean,
begitik garra,
sendo bularra,
sartzeko, odoltzale, au zori txarra!
ardi tartean.
Otsoa artaldean sartzen dijua...
Ikusi du artzaiak ta egin du gogor
Gudari oijua:
Launak otsua!!
Beste menditako artzai zintzua
laxter dator...
Danak alkartuta, arri makilla
eskutan dutela, an dijoazte
otsoen billa.
Ango ixkanbilla!
Luzaro ibillirik borrokan, illa
an utzi dute.
Ta artzaiak dio: Bakar izatea
zein txarra dan gaur ikusi det nik.
Doakabea
nere artaldea!
Otsoa egingo zan bere jabea.
Ta nik... bakarrik.
***
Alkartu, biotzez euskotar danak.
Artzaiak batuta otsoa il dute.
Alkartasunak
ta anaitasunak,
Euskadi zarraren kate astunak
ausi dituzte.