«Amurrai falta orokorra da amurraia izaten zen erreka guztietan. Adibidez, Araxes erdian arrantza galerazia dago»

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 23a, 01:00

JUAN Cruz Muñoak ondo ezagutzen ditu arrantzak azken urteetan izan dituen gorabeherak. Kaina eta arrantzaren bueltan ibili da 14 urte zituenetik eta orain Txantxangorri elkarteko presidentea eta Arrantza Federazioko kidea da. Aurtengo arrantza araudia eta errekaren egoera izan ditugu hizpide.

Zein da amurraiaren egoera gaur egun Urumea ibaian?

Duela 14 urtetik Diputazioa amurraiak zenbatzen ari da Urumean, lau puntu ezberdinetan. Amurrai alebin kopurua behera egiten ari da, eta amurraia orokorrean ere bai. Batzuek aldaketa klimatikoaren ondorioz dela diote, ez dagoela lehen adina ur errekan. Ura duela urte batzuk baino beroago ere badago. Lehen errekan bainatzeko gogoa behar izaten zen, ura oso hotza izaten baitzen. Orain, uda partean, errekako ura ez dago hain hotza. Amurraiek ur hotza behar dute, uste dut 14 ºC-ra arte aguantatzen duela amurraiak. Horren erakusle da, amurraiak, ikustekotan, putzu sakonetan ikusten direla. Egoera hau orokorra da, amurraia izaten zen erreka guztietan. Urumea ez da amurrai erreka tipikoa izan. Araxes ibaia bai ordea (Betelu, Araitz, Lizartza...), lehen arrantzaleak elkar joka aritzen ziren Araxesera arrantza egitera joateko. Gaur egun Araxes ibai erdian ezin da arrantza egin eta beste erdian amurrairik harrapatzen bada itzuli egin behar da.

Arrantzatzeko jarri izan diren arauak gero eta mugatzaileagoak izan dira azken urte hauetan.

Bai, betidanik muga 19 cm-koa izan da eta kupoa, eguneko 20. Gero 12ra jaitsi zen, eta ondoren 6. Aurtengo araudiak gehienez 3 amurrai harrapatzen uzten du, arrantzaleko eta eguneko. Beste berrikuntza bat ere badu aurtengo araudiak, 35 cm baino gehiagoko amurraia arrantzatuz gero ere aske utzi behar da. Suposatzen da amurrai hauek arrautzak jarriko dituztela eta horregatik utzi behar direla libre. Hala ere, ikusten ari gara amurraiek arrautzak jartzeak ez duela askorako balio, ze lehen aipatu bezala, alebinak ez dira aurrera ateratzen. Arrantzaleok badugu gure teoria, errekak gartza eta ubarroiez (kormorana) beteta daude. Lehen ez ziren ikusten, ez bazen migrazio garaian. Orain urte osoan zehar ikusten dira, egunero, eta urte osoan jaten dute. Ur gutxi egoteak ere lana errazten die hegazti hauei. Eta bestalde, ur asko dagoen lekuetan, zentralak eramaten dute ur guztia. Horrela normala da amurrai gutxi egotea, baldintza hauekin harritzekoa litzateke amurraiak egotea.

Arrantzarako baldintza hauekin zer giro sumatzen da arrantzaleen artean?

Azken bost urtetik hona beherakada nabaritu da arrantzaleen artean, jendea ez da arrantza egitera joaten. Egun hauetan arrantzaleak ikusi ahal izango dira badakitelako amurraiak askatu direla aste honetan. Gipuzkoako Federazioko arrantza lizentziek ere behera egin dute.

Zenbat arrantza lizentzia daude gaur egun Hernanin?

Hernanin 200 lizentzia inguru izango dira, gutxi gorabehera. Hernanin federatuak 35-50 artean izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!