Gaur hasiko da arrantza denboraldia eta uztailaren 31 bitartean Urumea ibai bazterretan arrantzale gazte eta helduak ikusi ahal izango dira kainabera errekara botatzen bertatik amurrai edo izokin haundi bat harrapatzeko esperantzaz. Hala ere, Urumean eta orokorrean amurraiak izaten ziren erreketan gero eta ale gutxiago ikusten dira, eta are eta gutxiago arrantzatu, arrantzaleek berek azaldu dutenez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo denboraldia erregulatzeko ateratako araudiak ere inoiz baino muga gehiago jartzen ditu, batez ere amurraiari dagokionean, gehienez ere 3 ale harrapa baititzake arrantzale bakoitzak eguneko. Neurri aldetik, 22 eta 35 cm arteko amurraia harrapatu ahal izango da, ez haundiagoa ez txikiagoa.
Nafarroako Gobernuak ere, aurten lehenengo aldiz, debekatu egin du amurraia arrantzatzea Nafarroa iparraldeko erreketan.
Datu guzti hauek garbi uzten dute amurraiaren egoera, gure erreketan ez dela oso ona. Amurraiak behera egitearen arrazoiaren inguruan gauza garbirik esan ez bada ere, badirudi amurraiaren bizitokia den errekaren baldintzak aldatzen ari direla eta ez amurraiaren onerako.
Hala ere, arrantzaleak ez desanimatzeko aste honetan bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak amurraiak askatu ditu Karabel aldean, 300 gramoko 300 bat.