EGUN hauetako euriteak direla eta Añarbeko urtegian ur ugari dago, gainera euria egiten jarraituko duela diote. Hori dela eta, urtegiaren egoeraren berri eta hartutako neurrien berri eman du Añarbeko Urak S.A.-k. Antza denez, asteazken goizeko 1:04etan Añarbeko urtegia puntaraino bete zen, eta hori dela eta, ura ateratzen hasi da urtegitik, urtegia beteta dagoenetan urak ateratzeko duen ubide naturaletatik, presaren goialdetik.
Atzo goizeko 08:00etan izan zen presatik ur gehiena atera zen unea, 5,24 m3 ur segundoko, Ereñotzuko estazio parean errekak zekarkien uraren %10,7. Atzo goizean, 08:45ak aldera, errekako urak behera egin ahala, Añarbeko presaren azpialdeko atea ireki zuten, presan lekua egin eta ura goitik ateratzea saihesteko. Helburua urtegian lekua egitea da, izan ere, datozen egunetan euria egitea espero da, eta beharrezkoa ikusi dute neurri hori, presak etortzekoak diren euriak hartu behar baititu.
Atzo arratsaldeko 16:15etan presaren goialdetik urak ateratzeari utzi zion. Presaren behealdean irekitako atetik ateratzen jarraitzen zuen urak, 24 m3/s-ko ur emariarekin. Jakinarazi zutenez, presaren azpialdeko ate honek irekita jarraitu zuen atzo arratsaldean errekak uzten zuen neurrian. Azaldu dutenez, Ereñotzuko estazioan dute erreferentzia hartuta. Ereñotzun errekak 1,60 metroko altuera hartu orduko ateak itxiko zituztela azaldu zuten. Ereñotzun ibaiak 1,50 metro hartzen duenean alarmaurreko egoera izaten da, eta 1,80 metrotik gora alarma egoera.
Bilerak egin dira egoera dela eta
Bestalde, atzo arratsaldean bilera izan zen uraren emariarekin interesatuta dauden alde ezberdinekin, tartean Hernaniko Udaltzaingoa. Helburua egoera aztertzea izan zen eta horri aurre egiteko irizpideak adostea. Añarbeko Urak S.A.k azaldu du hartutako neurriak bilera honetan adostu zirela.
Otsailik lehorrena eta martxorik euritsuena
Añarbek emandako datuen arabera, hil hau Añarbek erregistratu duen martxorik euritsuena izaten ari da, eta oraindik ere 6 egun falta dira martxoa bukatzeko. Hala ere, azken astea izan da euritsuena, joan den ostiraletik hona. Ostirala eta hurrengo bost egunetan 177,6 l/m2 bota zituen, bataz beste martxoan egiten duen euriaren %96,5 bost egunetan. Martxoan guztira 283,3 l/m2ko bota ditu, bataz beste martxoan egin ohi duen euriaren %154. Azpimarratu dute martxoan euri ugari egin duela, baina otsaila azken 37 urteetako otsailik lehorrena izan dela.
Kalteak ekiditeko lanean
Añarbeko Urak S.A.k azaldutakoaren arabera eskura dituen giza baliabide eta baliabide teknikoak jartzen ari dira uraren gestio ahalik eta egokiena egiteko, eta batez ere, inongo pertsona edo ondasunek kalterik jasan ez dezaten. Urtegiaren egoeraren berri herritarrei emateko konpromisoa ere adierazi du Añarbeko Urak enpresak.