HAINBAT hilabetetako eztabaidaren ondoren, Gipuzkoako Hondakinen Patzuergoa eta San Markos Mankomunitatea ados jarri dira San Markoseko zabortegia ixteko. Zabortegi horretara bideratu izan dira orain artean Hernaniko zaborrak eta baita Donostia, Errenteria, Lasarte, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Urnieta, Usurbil eta Astigarragakoak ere. San Markoseko zabortegia erabat ixteak, bertara zabor gehiago ez eramanda ere, 18 hilabete beharko ditu.
Hasi dira zaborra beste zabortegietara bideratzen
Akordioa lortuta, herri guzti horietako zaborrak Azpeitia, Beasain eta Zarautzera bideratuko dituzte. Antza denez, hasi omen dira zaborraren zati bat zabortegi horietara bideratzen. Aurreikusi dutenez, apirila hastearekin batera zaborren %100a bideratuko dute hiru zabortegi horietara. Hala ere 2009ra arte eraman ahal izago dira zaborrak hiru zabortegi horietara, urte horretan ixteko data jarrita baitute.
Herritar bakoitzak 481 kilo zabor sortzen ditu urtean
San Markos mankomunitateak emandako datuen arabera, herritar bakoitzak urtean 481 kilo zabor sortzen ditu, egunean 1,32 kilo zabor. San Markosko zabortegira 102.821 zabor tona eraman ziren 2006an, Hernanitik 6.500 tona inguru, eramandako zabor guztiaren %6,3.
Hitzarmena
San Markoseko zabortegia ixtxiko zutela eta Hernani eta gainerantzeko herri horietako zaborrak beste zabortegietara eramango zituztenaren berri otsail hasieran eman zuten. Akordio honen arabera, San Markos mankomunitateak onartu egin du 960.000 euroko aportazioa egitea Gipuzkoako Hondakin Patzuergoari. Hitzarmenean ez da Zubietako Errauste Plantarik aipatzen. Hitzarmenaren alde bozkatu zuten PSE-EE, EAJ-PNV, EA eta EBk; EAE-ANVk aurka bozkatu zuen; eta Urnietako UDA plataforma abstenitu egin zen. ANVk eskatu zuen hitzarmena mahai gainean uzteko, erraustegiaren inguruan jarritako errekurtsoen erresoluzioa atera arte: Donostiako Udalak Zubietan erraustegia eraikitzeko erabakiaren inguruan, eta Gipuzkoako Zaborren Patzuergoa sortzeko prozesuaren inguruko errekurtsoak, hain zuzen.
--------------------------------------------------------------------------
Zaborrak kudeatzeko plan berrituan erraustegiak ardatzetako bat izaten jarraitzen du
GIPUZKOAKO Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Nagusia (Pigrug), eguneratua, aurkeztu zuen martxoren 12ako Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Carlos Ormazabelek, Garapen Iraunkorreko diputatuak eta Hondakinen Patzuergoko presidenteak. Hondakinak murriztea eta Zubietan erraustegia egitea dira plan horren ardatzak.
Patzuergoak duela gutxi Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa S.A. sozietate publikoa sortu du eta bere ardura izango da hondakinak kudeatzeko plan horretan agertzen diren azpiegiturak egitea, erraustegia, konpostaje plantak eta abar.
Hondakinen %57 berreskuratu eta %43 erre
Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan berrituak aurreikusten du 2016 urterako hiri hondakinen %57a berreskuratzea eta %43 Zubietan eraikiko litzatekeen erraustegian erretzea. Hau da, 2016rako aurreikusten diren 495.000 tona hondakinetatik 212.850 errauste plantara eramango lirateke. Berreskuratuko litzatekeen zabor kopurua 282.150 tona litzateke. Horietatik 228.000 tona birziklatuko lirateke, eta gainerakoa, 54.150 tona, konpostatu. Konpostatzeko hiru planta eraikitzea ere aurreikusten da.
Erraustegiaren ezaugarriak
eta eraikitzeko epeak
Zubietan eraki nahi den errauste plantaren inguruko hainbat xehetasun argitaratu dira hil honen hasieran zenbait hedabideetan. Erraustegia 2010-2012 urteen arten hasi nahi dute eraikitzen eta 2013an martxan jarri. Erraustegiak, eraikinean bakarrik, 210 milioi euroko aurrekontua izango luke eta 20 metro altuerakoa izango litzateke. 60-70 metro altuerako tximinia izango luke eta zazpi hektareako lurzorua hartuko luke. Erraustegiak urtean 260.000 zabor hartuko lituzke eta 9.000 tona hondakin toxiko sortuko lituzke urtean.