Jardunaldien inguruko balorazio ona

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 20a, 01:00

Abortoa izan da aurtengo jardunaldien ardatza, «gai interesgarria baina zaila». Zenbait hitzaldi izan dira eta Udalak abortoaren aldeko mozio bat onartu du.

Martxoaren 8aren bueltan zenbait jardunaldi izan dira Hernanin, eta balorazio ona egin du Berdintasun Sailak. Berdintasun Saila, Berdintasun Batzordea, AMHER eta Gazte Txokoa izan dira ekitaldien antolatzaile.

Abortoaren gaia
Abortoa izan da aurtengo jardunaldien ardatza. Abortoaren gaia garrantzitsua iruditu zitzaien antolatzaileei, baina aldi berean zaila. Azkenaldian abortoarekiko atzerako joera sumatu dute gizarteko zenbait sektoretan: «klinikak itxi izana, epaiketak, talde kontserbadoreen protestak...» horregatik iruditu zaie gaia garrantzitsu antolatzaileei. Gai honen bueltan, abortoaren alde udalera aurkeztutako mozioa onartu zuen Plenoak eta Enpar Pineda hernaniarrak emandako hitzaldiak arrakasta haundia izan zuen. Horrez gain, tailerrak ere izan dira, baina hauek ez dute arrakasta haundirik izan «abortoaren gaia oraindik tabua den seinale».

Elkarlanean
Berdintasun Sailak eta Berdintasun Batzordeak zenbait ekitaldi antolatu dituzte, AMHER talde multikulturalarekin eta Gazte Txokoarekin, eta horrek etorkinen gaia eta gazteen gaia Emakumearen Egunaren bueltan aztertzeko balio izan du. AMHERekin batean antolatu dute Maria Antonia Caroren hitzaldia Tratu txarrak eta etorkinen berezitasunak. Horrez gain, Gazte Txokoak ere zenbait ekintza antolatu ditu Martxoaren 8aren bueltan.

Basaurira bisita
Emakumearen Egunaren bueltako azkeneko ekitaldia, Basauriko Jabetze Eskolarako bisitaldia izan da. Berdintasun Kontseiluak antolatuta, 25 bat lagun joan dira Basaurira, eta antolatzaileak gustora etorri dira, jendeak parte hartu duelako. Hernaniko Jabetze eskolak 2 urte ditu eta Basaurikoak berriz bostetik gora. Proiektu zabalago baten ideia jasotzea izan da bisitaldiaren helburua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!