ONGINTZA patronatuari lotuta, Hernaniko Jokalari Anonimoen elkarteak 18 urte daramazki Hernaniko eta Gipuzkoa osoko ludopatia gaixoei zerbitzua eskaintzen eta beren egoerari irtenbidea ematen laguntzen. Ludopatia gaixoak askotan ez dira jabetzen dutena arazoa baino gaixotasuna dela; dibertsioz hasitako ohitura horrek kalteak eragiten dizkiola bere buruari eta ingurukoei: obsesioa, diru zorrak, jolasten jarraitzeko dirua lortu beharra, azken batean, jokoarekiko mendekotasuna. Jokalari anonimoen elkartea egoera horretan dauden pertsonei laguntzen saiatzen da. Jakinarazi dutenez, urte guzti hauetan jende ugari izan da terapietan, astero 22-25 pertsona elkartzen baitira bertan.
Terapiak eta informatzeko bilerak
Jokalari anonimoen elkarteak dioenez, lehenengo egin beharra norbere gaixotasunaz jabetzea dela, eta onartzea jokoari aurre egiteko eta norbere bizitza gobernatzeko ezintasuna. Hori onartzea eta egora hori benetan aldatu nahi izatea da taldeko terapian parte hartzeko eskatzen dutena. Taldeko terapia egiteko asteartetan biltzen dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Sandiusterri eraikineko behekaldean. Bilera hauek itxiak izaten dira. Bestalde, elkartearen inguruko informazioa nahi duenak, ostegun eta ostiraletan jo dezake elkartera, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ludopatia gaixoen familiarrek ere badute haientzat egokitutako bilera bat, hileko aurreneko asteartean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Sendatzeko programa
Jokalari anonimoen sendatze programak lau urrats nagusi ditu. Aurrenekoa jokatzeari uztea; bigarrena, bizitza berria eraikitzea; hirugarrena, egindako kaltea konpontzen saiatzea; eta laugarrena, besteei laguntzea.