ZENBAIT hedabidek jakinarazi dutenez, Espainiako Gobernuko delegatuak, Paulino Luesmak, Pana parkeari izen hori jartzeko erabakia balio gabe uzteko eskatu zion atzo Hernaniko Udalari. Delegatuak 1982garren urteko martxoaren 24ko plenoan Hernaniko Udalak hartutako erabakia atzera botatzeko eskatu du, parkeari Jose Manuel Aristimuño Pana izena jartzeko erabakia, hain zuzen, ETAkide baten izena dela argudiatuta. Horrekin batera, delegatuak eskatu du, parkearen izena aldatzeko eta plakak kentzeko. Hilabete baten barruan hori egiten ez bada auzia epaitegietara eramango duela ohartarazi du. Bestalde, antzeko kasuetan bide bera hartuko duela jakinarazi du Paulino Luesmak.