errenta aitorpena aurkezteko epea irekiko da apirilaren 18an, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo kanpainaren inguruko nondik norakoak jakitera eman ditu bere web orrian. Data gerturatu ahala, 360.000 gipuzkoarri baino gehiagori gogoraraziko die errenta aitorpena egin behar dutela. Errenta aitorpena aurkezteko azken eguna ekainaren 25a izango da. Aurten, zortzigarren urtez, autolikidazio proposamenak bidaliko die Diputazioak errenta aitorpena aurkeztu behar duten herritarren herenari, gutxi gorabehera. Autolikidazio modalitatearen inguruko balorazio positiboa egin du Foru Aldundiak, iaz aurkeztu ziren autolikidazio proposamenen %82a onartu baitziren. Autolikidazio proposamena da Ogasun Sailak eginda bidaltzen duen aitorpena, eta zergadunak erabakitzen du onartu edo ez. Zergadunaren errenta mota, gastuak eta kenkariak hartzen dira kontuan proposamena bidaltzeko.
Errenta aitorpena egiteko bide ezberdinak
Errenta aitorpena egiteko modu ezberdinak daude. Diputazioak etxera autolikidazio proposamena bidaltzea da aukera bat. Diputazioak autolikidazioak bidaltzen ditu herritarren informazioa eskura duenean. Herritarrari dagokio proposamen hori onartu ala ez. Beste aukera bat da modalitate mekanizatua. Errenta Mekanizatuko bulego batean hitz ordua eskatu eta teknikari baten laguntzarekin egiten da. Hernanin Latsunben dago bulegoa. Diskete edo CD-ROM batean aurkeztea da beste aukera bat, herriko estankoetan eskura daiteke errenta egiteko programa, Txirrita kalekoan edota Portalondon, eta ondoren ordaintzea tokatzen bada, banketxean aurkeztu behar da. Ogasunak herritarrari dirua itzuli behar badio Okendon eta Errotaburun dauden ogasun bulegoetara jo behar da, Donostiara. Internet bidez ere egin daiteke errenta aitorpena. Errenta egiteko programa internetetik jaitsi daiteke eta gero aitorpena bidali. Kobraketak edo ordaintzeak kontu korronte bidez egiten dira. Beste aukera bat da errenta aitorpenaren papera eskuratu eta norberak kalkuluak egitea. Papera estankoetan eskura daiteke. Hala ere, Diputazioak gomendatzen du, kalkulu akatsak sahieste aldera, beste edozein modutara egitea errenta aitorpena (mekanizatua, internet bidez, disketean...). Bestalde, errenta aitorpena egiteaz norberak ez badu arduratu nahi banketxera jo dezake edo aholkularitza baten zerbitzua kontratatu.
Errenta aitorpena euskeraz
Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek errenta aitorpenaren inguruko kanpaina egiten dute garai honetan, errenta aitorpena euskaraz egin daitekeela jakinarazteko. Aurten ere egingo dute kanpaina, eta herritarrak animatu nahi dituzte aitorpena egiteko edozein modalitatetan, euskarazko inprimakiak betetzera.