GIPUZKOAKO taxi guztiak telefono bakarraren bidez lokalizatzeko zerbitzua joan den abenduan jarri zen martxan, eta hiru hilabete hauetan emandako zerbitzu kopuruari erreparatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Departamenduak balantze positiboa egin du. Azaldutakoaren arabera, telefono horretara bideratutako taxi zerbitzu kopurua hirukoiztu egin da zerbitzuaren aurreneko hiru hilabeteetan: «Gipuzkoan, abenduan 709 zerbitzu egin ziren eta otsailean ia 1.500, igoera beraz %42koa izan da». Gertuagoko datuei erreparatuta, Buruntzaldekoei, abenduan 358 zerbitzu izan ziren, eta otsailean 780 izan dira.
Sagardotegi denboraldia
Taxia lokalizatzeko telefono bakarraren zerbitzuak gora egin du sagardotegi denboraldian. Ostiral eta larunbat gauetan Hernanin taxia hartzeko izaten den ilara ikusi besterik ez dago. Telefono bakarraren bidez, Gipuzkoako taxi guztiak eskura izatearen bentaja, Astigarraga eta Urnieta aldean nabaritu dute batez ere. Izan ere, bi herri horietan taxi bakarra baitago. Sagardotegiez gain, beste hainbat sektore ere aipatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, izan ere, ostalaritza, hotel eta landetxeetako ordezkariekin bilerak egin ditu zerbitzuaren berri emateko eta baita ospitale, mediku zentro, zaharren egoitza eta eguneko zentro ezberdinekin ere. Aurrerantzean Buruntzaldeko enpresa ertain eta haundietako zuzendaritzako kideekin biltzea aurreikusi du Diputazioak. Bilera guzti hauen eraginez telefono bakarraren erabilerak gora egitea espero dute.
Zerbitzuaren funtzionamendua
943 400 500 telefono zenbakiaren bidez urteko egun guztietan eta 24 orduz izango du taxi zerbitzua eskatzeko aukera. Norbere herriko taxiak okupatuta badaude, zentralitak Gipuzkoan libre dagoen eta deia jaso den lekutik gertuen dagoen taxia jarriko du erabiltzailearen eskura. Zerbitzu bereziak ere errazago eskuratzeko aukera ematen du, hau da, tamaina bereziko ibilgailuak eskatu daitezke, mugikortasun mugatua duten pertsonak garraiatzeko, edota zama astunak garraiatzeko, esate baterako. Taxi gidari jakin batekin harremanetan jartzea ere posible da eta enpresek zerbitzua kontratatzeko aukera ere badute, hileko fakturazioarekin.
Egindako inbertsioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak 930.000 euro gastatu zituen iaz zerbitzua martxan jartzeko bitarteko teknikoetan eta gestioan. 2008ko aurrekontuan, aldiz, 995.000 euro daude zerbitzua zabaltzen jarraitzeko eta profesional gehiago kontratatzeko.
Hernanin 15 taxi daude telefono bakarreko sarean sartuta
HERNANIN 15 taxi daude 943 400 500 telefono bakarreko sarearen barruan. Hernanin badaude beste hiru taxi sarean sartuta ez daudenak, baina laister sartzekotan dira. Hernaniko taxi gidariek azaldutakoaren arabera, zerbitzua martxan jarri zenetik ez dute alde haundirik nabaritu, herriko jendeak betiko telefonoa erabiltzen duelako oraindik. Telefono bakarra herrian taxirik aurkitzen ez denetan erabiltzen omen dute hernaniarrek. Astigarraga eta Urnietan ere erabiltzen dute, bi herri horietan taxi bakarra baitute.
Bestalde, diote, erabiltzaileek edozein unetan taxi bat eskura izateko aukera interesgarria dela. Sagardotegi denboraldian, ostiral eta larunbat gauetako ilara itxaron nahi ez duenak Gipuzkoako beste taxi batekin harremanetan jartzeko aukera du, nahiz eta urrutitik datorrelako gehiago ordaindu behar izan.