Egun batean, Goizuetatik gora nijoala, Ezkurra mendian, dozena pare bat bildots zaintzen ari zen aitona bat topatu nuen, ahuntz larru bat bizkar gainean. Pasadizoan, hitz hauek bion artean:
- Kaixo, nungoa dugu probintzianoa?
- Hernanikoa.
- Hernanikoa! Ezagutzen al duzu Inazio Amerikanoa?
- Ezagutuko ez det ba!
- Emaizkiozu eskuminak nere partetik.
- Emango dizkiot, baino zeinen partetik?
- Zuk esaiozu, berak asmatuko du zein naizen. Hernanin, bueltakoan, komentatu nion Inaxiori:
- Hola eta hola topo egin nian, Ezkurra Mendin, bizkarrean ahuntz larrua zeraman aiton batekin, hiretzat eskuminak eman zizkidaken.
- Mekauen! Bizi al da? Horrek historia badik gero!
Eta aitonaren historia kontatu zidan. Naparroan `maiorazgo` legea indarrean dagoenez, anai zaharrena gelditzen da baserriarekin. Gure gizon honek baserria erosiko ziola anaiari eta 23.000 errealen tratua egin omen zuten. Argentinara joan eta dirutza hori bildutakoan, bidaia eta denak pagatuta, etxera etorri eta baserriaz nagusitu zen. Batere balio ez zuen baserria, berarentzat balio haundikoa ordea! Duena saltzeko konforme, eta ezer ez duena dirutza ordaintzeko prest. Horregatik esaten dizut sentimenduei buruz ez dagoela hitzik esaterik»
ANTTON ADARRAGA