Norbait elkarrizketatzerakoan aditua izanik, hizketarako errekurtsoak majo erabiltzen badituzu (elkarrizketatuak duen interesaren arabera), lan on bat lor dezakezu edo gutxienez itxurosoa. Nere bizitza osoan ez det entrebista bakar bat ere egin. Gainera, zailtasun beldurtzekoak ditut idazteko, eta euskeraz zer esanik ez. Zama horrekin, abentura hutsa izango litzake ni saltsa horietan sartzea. Ba, horixe da egin dedana: abentura erakargarri batean sartu. Denak ez dira eragozpenak. Abantailak ere ba ditut, garrantzi haundikoak gainera. Nere pertsonaia Antton Adarraga da, biok gara hernaniarrak, eta hirugarrenik, berarekiko dauzkadan oroitzapenak ez dira, inolaz ere, arruntak. Hamar urteko mutikoa nintzela, Latxeko zentralaren inguruan, nor ikusiko eta... Antton Adarraga igeritan... tximeleta estiloan! Irudi hura itsatsita gelditu da nere memorian, tatuajea larruan bezela. Mende erdi bat geroago, `etorri etxera andrearekin eta hitz egingo degu` erantzun dit, berahura elkarrizketatzeko asmoa nuela jakin arazi diodanean. Elkartu gera otordu-mahaiaren inguruan; elkarren berri eman degu; entzun ditugu gure protagonistaren kontakizun amenoak; jakin degu aziendatxo bat zaintzen duela -geldirik ezin egon!- ezagutu degu bere oilotegiaren defentsan azeriarekin bizi duen borroka luzea eta abar. Kafearekin kunplitu eta ekin diogu elkarrizketari.
LUIS GORROTXATEGI: Noiz eta non, Antton. Esplika itzazu laburki zure bizitzaren hastapenak.
ANTTON ADARRAGA: Hernaniko Kale Nagusian jaio nintzen 1929ko San Migel bezperan. Sei seme alaba ginen, ni bigarrena. Monjetan hasi nituen lehen ikasketak, baina monjetako giroa ez nuen nonbait gustokoa eta errekreo batean alde egin ondoren Portalezkanpoko eskola publikotara pasa ninduten. Aurrerago Biterin aritu nintzen eta hamabi bat urterekin batxilerra bete nuen Donostiako Sagrado Corazón ikastetxean. Aurrerago, Iruñan hasitako agronomo injeniari ikasketak bertan behera utzi nituen aita gaixotu zenean. Etxera etorri eta lanari ekin nion.
Hernanin nahiko ezaguna da Adarraga eta kirolaren arteko lotura. Esango nuke kirol zalea izan zarela eta praktikatzailea gainera. Horrela al da? Zein kiroletan bota dituzu izerdirik haundienak?
Kirol guztiak nituen gustokoak eta denetan konpetitzen nuen. Krosean ez nintzen beste munduko gauza baina zenbait laisterketa korritu nituen. Igeriketari ez nion tankerarik ere hartzen baina, halere, Donostiako kaiean egiten zen proba batean ere sartu nintzen. Eta baita ederki sufritu ere! Ez nekien hain gogorra zenik eta ikaragarrizko pasara hartuta bukatu nuen. Batez ere bizikleta zalea nintzen. Lanak ez zidan entrenamendurako denbora haundirik uzten -nere kideak berriz hortan propio jarduten ziren- nahiko ondo ibiltzen nintzen eta pare bat garaipen lortu nituen, Idiazabalen eta Beran. Lehian kiroltasunez borrokatzen genuen eta lehiaz kanpo kidetasuna zen nagusi. Jende oso estimagarria ezagutu nuen bizikleta munduan (Mitxelena, Salaberria…). Eta lagunak ere bai. Montero, ziklista oso ona, Peugeot talde frantsesarekin sinatzeko punttuan egon zena, eta zoritxarrezko istripu baten ondorioz min hartu eta bizikleta utzi behar izan zuena, lagun haundia nuen. Kirola, elkartzeko bidea da eta ez burrukatzeko. Benetan inbirigarria da errugbiaren kasua: jokatzerakoan kriston egurra hartzen dute, amaitutakoan elkarri eskua eman, eta bukatzeko, lagun giroa zerbezatxoen artean. Hortarako da kirola! Asko kabreatzen nau gaurko kirol munduan edukazio horren falta ikusteak. Lehia-urteak atzean geratu arren luzaro mantendu zen bizikletarako sentitu dedan afizioa. Soldaduska Madrilen tokatu zitzaidan eta bizikleta nirekin eraman nuen han mugitu ahal izateko. Aukera nuen bakoitzean ibilaldi majoak egiten nituen bertako talde batekin. Igande gehienetan izaten genuen irteeraren bat. Beraz, lizentziatu nintzenean, oso ibilia nengoen eta etxera bizikletan etortzea erabaki nuen. Madrildik Burgosera; bertan lo egin, eta hurrengo egunean Hernanira. Zure erritmora joan ezkero, kilometro asko egin daitezke bizikletan.
Pelotan ibilia al zera? Ezagutu al zenuen Hernaniko ‘Txirri’?
Txirri ezagutuko ez nuen ba! Garai hartan pelotan ere oso ondo egiten nuen. Txirri-n aritzeko indarra baino abilezia eta malezia ziren beharrezkoak. Trapuzko pelota txar batekin, alukerietan trebea zenak bazituen aukerak edozeini aurre egiteko. Boleaz oso ona zen Toni Gonzalez, eta biok presentatu ginen Tolosako txapelketan. Lehen bi partiduak irabazi eta hirugarrena ezin jokatu gelditu ginen nere eskua txokolategiko mezkladorak harrapatuta. Hantxe bukatu zen pelota niretzat.
Eta igeri egiten non Ikasi zenuen?
Beste hernaniar askorentzat bezela, Elorrabi izan zen nere igeri eskola eta, hortan ere, aita maixu. Inularrian, lanak bukatu eta gero, hartu zortzi edo hamar mutil koxkor bere Fiat deskapotablean eta Elorrabira eramaten gintuen. Txalupan beste aldera pasa, oraindik ez baitzegoen zubi kolganterik, eta hantxe errio bazter apropos batean praktikatzen zituen bere metodoak erdi jolasean. `Zu etorri hurrengoan, zu ez`, hura zen sistema bakarra. Hernanin berrehundik gora lagunek ikasi zuten gure aitarekin.
Lan hori bere kabuz egiten al zuen?
Berez, berez. Apostu egingo nuke nere edadeko gehienak aitarekin ikasi zutela. Ez zegoen beste eskolarik. Aurrerago, Tarzanen pelikulen bidez jaso genuen krol estilo famatuaren berri eta imitatzen saiatzen ginen. Zuk aipatutako tximeleta estiloa, berriz, ez dakit ba, Olinpiaden erreportai batetan edo ikusiko nuen eta zu bezelako mutiko bat harrituta uzteko ez zen gauza haundirik behar, noski.