Ez zara diskurtso gizona. Urteetan zehar egindakoak dituzu adierazle ezin hobeak. Zertxo bat ezagutzen zaitut, eta atzera begiratutakoan guztiok bakardade isileko kontuak atera ondoren, harro sentitu zintekeela esango nuke. Hutsetik hasi eta enpresa sendo, oparo eta iraunkorra eraiki dezu. Horrez gain, histori artxiboak gizentzeko prest zeuden arbasoen izen, ardura eta maisutasuna berpiztu dituzu beraien ospearen, herriaren izenaren eta gozozaleen mesederako. Lanaz aparte, zer gehiago behar da, Antton, aitaren etxeak zutik iraun dezan?
Gogoa. Besterik ez. Horrek ez du bueltarik.
Zerk sortzen du gogo hori?
Berez sortzen da. Etxean hazi garen moduaren arabera. Denok izaten ditugu gora beherak. Momentu batean konprenitzen dezu gauzak gaizki doazela eta hura konpondu nahi dezula. Momentu horretan sortzen den konpromiso sakonetik jaiotzen da gogoa. Beti ageriko dira bide errazagoak baina hoiek ez gaituzte aurrera eramaten. Gainera, gogo horrek lana xamurtu arazten du.
Solasaldi honi amaiera emateko irudi grafiko bat bururatzen zait. Denok zahartuz goazen bitartean Hernani ikaragarri aldatu/haunditu da. Donostiatik Hernanira tranbiaz azken geltokiraino zetozenek, aurrez aurre, ‘Jose Adarraga Gorrochategui’ izenpean, topatzen zuten te-saloi-elika-denda hura entitate finantziario baten eskuetan dago eta bazar txinatar bilakatu da. Hogei urte atzerago ez zuk ez nik ez genuen holakorik espero. Ezta ere bion arteko solasaldi bat Hernaniko egunkari batek jasoko zuenik. Bukatzeko, Antton, zerbait erantsi nahi?
Senideek Laboralari saldutako lokal hori, aurrerago berreskuratzea lortu nuen.
Beraz, zurea da. Ez nekien! Azpimarragarria…
Lortu nuen. Dena esan beharra dago: ederki estututa, baina lortu nuen. Denok ez gera berdinak, eta esan beharrik ere ez, bakoitza bere sentimenduekin. Eta sentimenduei buruz ez dago hitzegiterik, errespetatzea baizik.
Anttonen filosofia ikutuaz amaitzen degu elkar hizketa. Hitz apropos bat datorkit oroitzapenaren alderdi gozoan zehar egin berria degun paseoari ginda ipintzen diona: gozamena!