Sagardoa eta txokolategintza aipatu ditugu Adarraga markak Hernaniko historian dituen ezaugarri gisa. Baina bada beste bikote bat Hernaniko zentso osoak ongi asko ezagutzen duguna: Adarraga-gozogintza. Kamioia utzi eta Adarraga ‘labela’ berpizteari ekin zenion, Americano tabernaren parean zenuten lokalean. Ez zen pauso makala izan! Ordurarte egindakoen eta aurrerantzean egitekoen artean ez zegoen antzekotasun handirik. Ordurako aski ikasita al zenuen ofizioa?
Ofizioa ondo asko ikasia neukan aspaldian. Gauzak horrelaxe etortzen dira. Arrebak deitu, kamiona utzi eta etxeko obradorean hasi nintzen bakar bakarrik. Oso denbora gutxian, ordea. Handik hilabete batzuetara, obradorea Elizatxon jarri nuen eta denda, berriz, Izpizua kaleko lokal minimo batean. Hurrengo pausoa gaur daukagun denda erostea eta abar.
Adarraga gozotegia bizkar gainean daramazun denboraldi luze honetan, aldaketak egin dituzu ala aurrekoen ildo beretik jarraitzen saiatu zara?
Nik dakidan guztia aitak erakutsitakoa da. Bera izan da nere maixu bakarra eta egindako lanak berak erakutsitako bidetik egin ditut, ez det abilidaderik izan gauza diferenteak egiteko. Nere aitak horrela zion: «Osagai onekin lanak behar den bezela egin ezkero, akaso zerbait aterako zaizu…». Irakaspen horri gogor eutsi diot. Gure etxean erabiltzen ditugun produktoak, banan bana, denak dira kalitate altuenekoak. Lan honetan profesional gehienok antzeko formulaz baliatzen gara. Hortik aurrera osagaien kalitatea da nagusi. Turroi atalean almendrak agintzen du, txokolatearen kasuan, berriz, kakaoak… Guk 100 eta gehiago urte daramazkigu goi mendian egindako mantekila berbera erosten.
Noiz egin zen Adarraga markako lehen hojaldrea?
Ez dakit. Nere aitak egiten zituela, dudarik ez, baina ez dakit bera hasi zan ala, agian, gure aitona.
Nondik dator `katu mingaina` deitura?
Gailetak duen formatik, besterik gabe.
Beste hernaniar askok bezela, txikitan jan nuen lehen turroia zuk egindakoa zen. Beti egin al dituzue modu berean Gabonetako turroiak?
Berdin berdin. Gure turroien oinarria urte osoan egiten degun maxapana da. Horri, arrautz gorringo, kanela eta abar eransten zaio mota ezberdineko turroiak egiteko. Formula, berriz, betikoa: %48 azukre eta %52 almendra. Almendra proporzioa gutxitzen den neurrian kalitatea kaltetzen da. Hemen ere, miraririk ez.
Lagun bati entzun diot nonbait ikusia duela orain dela ehun eta gehiago urteko argazki bat, Espainiako erreginaren karruajea Adarraga etxe atarian agertzen duena. Erreginak, txokolatea hartzeko asmoz, zuen etxea bisitatutako egunen batean. Istorio honek izan al dezake benetakotasunik?
Nik dakidala behintzat erregina ez da sekula gure etxera etorri. Historia berbera kontatzen da portalez kanpoko Anttoni Zabalaeneako okindegiari buruz. Gortearen semea zeraman karroa etxe aurretik pasatzerakoan, nonbait ogi usainaz harritu eta bertako ogia erosi omen zuten. Nere ustez, histori hauek leienda edo esaera itxura daukate, ezin esan benetan gertatutakoak direnik.
Hernaniarrok ziurtaturik al daukagu ‘Antton Adarraga labela’ren jarraipena?
Bai noski. Ni hortan saiatu naiz behintzat, eta horrela gertatzea espero det.
Urteak joan urteak etorri, ni pertsonalki, gehiago tentatu naute, zentzu zabalean, askatasunaren deiak edo aldakuntzaren erakargarritasunak, tradizioarekiko fideltasunak baino. Halere, argi dago zenbait kasutan, eta Antton Adarragaren kasuan nabarmenki, tradizioaren etenak berreskura ezinezko galerak ekar zitzakeela, batez ere postre eskax batez bukatzen den otordu onik ez dagoela pentsatzen degunontzat. Adarragatar kate jenealojikoari esker, gehiago iraungo du Hernaniko ezaugarri bihurtu den ohizko hojaldreak, gure amak urtero Gabonetarako errezil sagarrez egiten duen konpota zoragarriak baino. Ziurtaturik dago biharko hernaniarrek hatzak zupatzen jarraituko dugula.