Biologo argentinarra hernaniarrak euskalduntzen

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 15a, 01:00

Argentinako Necochean jaioa zara. Noiz arte bizi izan zinen bertan?
Bizitza osoa edo parte handiena eman dut bertan. 18 urterekin La Platara joan nintzen biologiako ikasketak egitera. Han pisu batean bizi izan nintzen anaiarekin batera, berak ekonomia ikasten baitzuen La Platan. Hala ere, hilabetean behin Necocheara bisita egiten nuen eta opor guztiak ere etxean pasatzen nituen. Bi hirien artean 500 kilometro daude baina ez nuen inoiz loturarik galdu, ezta orain ere.

Euskaldun batek fundatua omen da hiria. Juan de Garay-k fundatu zuen, baina bere lagun Mariano Necochea militarraren izena jarri zion.

Arbasoak Euskal Herrikoak dituzu.
Nire gurasoen aiton-amonak hemengoak ziren. Nire birraitona eta birramonak Andoain, Tolosa, Bilbo eta Legazpikoak. Horietariko asko Buenos Aires hiriburura joan ziren eta handik batzuk mugitu egin ziren. Normalean, Argentinara joandako euskaldunek zelai zabalak bilatzen zituzten lan egiteko, horregatik, Santa Fe probintziako Rosariora joan ziren nire amaren aldetiko arbasoak. Han `tambo` bat zeukaten (esnetarako behiak edukitzeko toki bat, nolabait esateko). Aitaren familiakoak, berriz, Tres Arroyos-era joan ziren, Necocheatik gertu. Azkenik, nire aitona jarri zen Necochean bizitzen.

Hemendik joandako asko bezala, arrazoi ekonomikoengatik izan al zen?
Bai, bai. Adibidez, nik nire birramona bat ezagutu nuen, Andoainen jaiotakoa. 13 urte nituen arte bizi izan zena. Hamaika anai-arrebako familia batean bizi zen baserrian. Eta baserriaren ondorengotza anaia zaharrenarentzat zenez, besteek ez zuten aukera handirik. Gainera, berak ez zuen baserri bizitza hori eraman nahi eta anaia zaharrago bat Argentinara bizitzera joana zela aprobetxatuz, bera ere hara joan zen. Gurasoek ez omen zuten nahi, 17 urte bakarrik baitzituen, baina goiz batean ohar bat utzita alde egin zuen. Ez omen zekien non zegoen bere anaia, eta Buenos Airesera joatea pentsatu zuen. Han ikasi zuen gazteleraz. Familia batean etxeko lanak egiten hasi zen, Legazpiko euskaldun bat ezagutu eta berarekin ezkondu zen. Hortik, lehen esan bezala, Rosariora joan ziren bizitzera.

Jaioterrian bertan hasi al zinen euskeraz ikasten?
Bai. Lehenengo hitzak birramonak erakutsi zizkidan. Gero, Euskal Etxean emakume batek gehixeago erakutsi zigun bertan ginenoi. Hark liburuetatik euskera pixka bat ikasita zeukan, baina ez zekien euskeraz hitz egiten, ez ahoskatzen, ez ezer. Zekien pixka hori erakutsi zigun eta guretzat jolas bat izan zen, 7 urte besterik ez nituen eta. Jada serioago, beste emakume batek erakutsi zidan. Eusko Jaurlaritzaren proiektu baten bidez, Argentinan barnetegi batzuk antolatzen hasi ziren. Mar del Platako emakume hark barnetegi horietan ikasi zuen euskaraz eta gero, astebururo Necocheara joaten hasi zen bertako Euskal Etxean klaseak ematera. Berarentzat gogorra zenez egunero bi hirien artean joan-etorrian ibiltzea (100 km-ko distantzia dago), proposatu zidan nik barnetegian hastea, gero bere klaseen ardura hartzeko. Eta hala egin nuen 16 urterekin.

Zenbat jendek ikasten du han euskera?
Euskal dantza edota ohiturak jende askok ikasten ditu Euskal Etxeetan, eta horien artean euskera dago. Intentsiboki lantzen dutenak gutxi izaten dira, baina gero, maila baxuagoko klaseetan jende gehiago apuntatzen da. Guk klaseak ematen genituenean adibidez, beti zeuden 15-20 pertsona.

Lazkaora joan zinen ondoren, euskera gehiago lantzeko asmoz.
Bai. Jaurlaritzaren proiektu horren bidez hiru talde etorri ginen: bi Lazkaora eta bat Zornotzara. Barnetegian lan egiten genuen eta ondoren, euskeraz jarraitzeko, familia ezberdinetan pasatzen genuen gaua. Sei hilabete pasa nituen Lazkaon, 18-19 urterekin. Gero, berriro Argentinara bueltatu eta biologiako karrera hasi nuen. Lazkaon egon eta bost urtera berriz etorri nintzen denboraldi baterako, eta handik beste bost urtera hemen naiz berriro, denbora gehiago pasatzeko asmoz. Urtebete daramat Hernanin eta beste bat egitea pentsatzen dut, ez gehiago.

Argentinan egon zaren denboran, nola mantendu duzu euskera?
Lazkaoko jendearekin oso lagun egin ginen eta hilabetean behin telefonoz hitz egiten nuen haiekin ordu erdiz. Ez nuen baliabide gehiagorik baina pixka bat mantentzeko nahikoa izan zen. Bigarren aldiz etorrita lagun gehiago egin genituen, eta internetaren zabaltzearekin batera, hemengoekin egunero hitz egiteko aukera sortu zitzaigun. Horrek asko erraztu zuen dena.

Biologiako titulua edukita, tabernan hasi zinen lanean Hernanin. Irizarreko bezeroek ezagutuko zaituzte behintzat. Argentinako tituluak ez al dizu balio hemen horretan lan egiteko?
Ez da hori kontua. Baneukan ideia biologiaren inguruan lanean hasteko, baina lana aurkitu behar nuen lehenbailehen eta egunkarietako eskaintzak tabernetakoak zirenez, ba, horra jo nuen. Ez nuen begiratzeko denbora askorik izan. Gero, AEK-koa suertatu zitzaidan eta orain horretan eta ume batzuk zaintzen aritzen naiz. Argentinara bueltatutakoan biologiarekin lotutako zerbaitetan lan egitea gustatuko litzaidake, baina hemen gustura nago horrela.

Euskaltegian ikasle hego amerikarrak ere badituzula entzun dut. Haiekin ondo moldatuko zara ezta?
Txilekoak, kubatar bat, Perukoak... Argentinar bat ere eduki nuen orain dela gutxi arte. Oso ondo nago beraiekin. Gainera, Txile eta Argentinakoen arteko `pikeak` beti egoten zirenez, ederki pasatzen genuen. Orain argentinar bakar bezala geratu naiz txiletarren aurka (parrez).

Bizi osoa hemen egin duten ikasleek zer diote?
Atzerritarrei ez zaie hain arraroa egiten. Nolatan ikasi dudan eta horrelakoak galdetzen dizkidate baina besterik gabe. Eta bertakoek ere ondo hartzen dute. Batzuek diote zirikatzeko jartzen nautela; `argentinar batek ikasi du, eta zuek ez?` esateko.

Zein asmo dituzu hemendik aurrerako?
Oraingoz Hernanin jarraituko dut beste urtebete inguru. Gero, Necocheara bueltatzeko asmoa daukat eta lana aurkitzen badut han geratuko naiz. Nire gogoa beti izan zen karrera bukatzean Euskal Herrira etortzekoa. Lehen ere sei hilabete pasa nituen eta oso ondo, baina hori ez zen benetako errealitatea. Denboraldi luzeagoarekin aproba egin nahi nuen benetan nolakoa den ikusteko. Baina Argentina, eta batez ere Necochea, asko gustatzen zait, eta nire bizitza hor egin nahi dut. Oraingoz ideia horrekin segitzen dut.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!