Txoko ezberdinetako kofradeak bilduko dira bihar Tolarearen XIII. Kapituluan

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 15a, 01:00

TOLAREA, gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiaren XIII.garren kapitulua ospatuko da bihar. Ospakizun honen bueltan, herrian izango dira bazter ezberdinetako kofradiak, bakoitza bere lurraldeko produktu gastronomikoak goraipatuz. Ekitaldi honen bueltan urtero ohorezko kofradeak izendatzen ditu Tolareak. Aurten Juan Mª Izagirre sukaldari hernaniarra; Maider Telleria hockey jokalaria; Mirian Molina elikagaien inguruko ikerlaria; Xabier Laskibar mikologoa eta Orioko arraun elkartea izendatuko dituzte.

Ekitaldiak goizean eta eguerdian sagardotegira
Tolarea Sagardoaren Kofradiaren 13garren kapituluko ekitaldiak goizeko 11:00etan hasiko dira, Xalaparta elkartean. Bertan omenduak eta kofradia guztietako kideak bilduko dira txalaparta doinu eta hamaiketakoaren bueltan. Eguerdiko 12:15etan, herrian barrena buelta egingo dute kofradeek eta omenduek, Txistulari Bandak lagunduta. Eguerdiko 13:00etan, Biteriko areto nagusian, ohorezko aurreskua dantzatu eta ohorezko kofradeak izendatuko dira. Ekitaldia bukatzeko Ozenki abesbatzaren emanaldia izango da. Eguerdian, Akarregi sagardotegira joango dira bazkaltzera, denak elkarrekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!