Gipuzkoako Foru Aldundiak 3.000 izokin gazte askatu ditu Urumea ibaian

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 15a, 01:00

OSIÑAGA aldean 3.000 izokin askatu zituzten herenegun, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez. Izokin gazteak izan ziren askatu zituztenak, urtebetekoak, 12 bat zentimetrokoak. Lan horretan jardun zuten teknikari eta basozainek eta baita Rafael Uribarren, Landa Ingurumenaren Garapenerako diputatua. Izokin hauek markatu egiten dituzte, mikromarkekin, heltzean, itsasotik ibaira bueltatzerakoan identifikatu ahal izateko.

Izokina errekaren egoeraren adierazle
Rafael Uribarren berak azaldutakoaren arabera, izokinak ibaien egoeraren adierazleak dira. «Izokinak bizitzeko eta ugalketa zikloa osatzeko baldintza oneko ibaiak, ur garbikoak, ubide eta ibaiertz ongi zaindutakoak behar ditu, esan daiteke, izokina bizi den ibaiak badituela behar adina baldintza ekologiko beste ur espezie batzuei ere bizitokia emateko» azaldu zuen. Horrekin batera, adierazi zuten, Bidasoa, Oiartzun, Urumea eta Oria ibaietako datuak aztertu dituztela, eta honakoa izan da ateratako ondorioa, «esan daiteke Atlantikoko izokina iraunkor bizi dela Urumean bai Orian, hau da, desagertzear zegoen ibai horietan, Bidasoan izan ezik, berreskuratzea lortu da». Beste datu bat ere eman zuten, antzemandako izokinen %33 markatuta izokinak dira, «horrek adierazten du Landa Ingurumeneko Departamenduak aurreko urteetan askatu zituenak direla eta, beraz, izokinen populazioa areagotzeko plana eraginkorra dela».

1993 urtean martxan jarritako ekimena
Gipuzkoako Foru Aldundiak Urumea ibaia sistematikoki birpoblatzeko erabakia 1993garren urtean hartu zuen. Urtero 20.000 izokin ale baino gehiago askatzen dira: maiatz edo ekaina aldera 5 bat cm-koak askatzen dituzte eta otsaila eta martxo aldera, 12 cm-koak, gutxi gorabehera. Askatutako izokinak Irungo Bidasoa Ehiztari eta Arrantzaleen Elkartearen arrain haztegian hazten dira. Diputazioak jakinarazi duenez, izokin arraultz ugari eskuratu ahal izan ditu, 80.000 bat. «Aurreikuspenaren arabera, 50.000 izokin kume hazi ahal izango dira, Urumea, Oria eta Oiartzun ibaietan izokinen populazioa haunditzeko ahaleginarekin jarraitu ahal izateko».

Errekatik itsora, eta itsasotik errekara
Ostegunean askatutako izokinak ibai behekaldean askatu dira, itsasotik gertu, ahalegin haundirik gabe itsasoratzeko. Itsasoan bi urte pasatzen dituzte eta 3-7 kilo bitarteko pisua hartzen dute. Ondoren Urumeara bueltatuko dira ugaldu eta hiltzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!