Gobernu taldeak prentsa oharra atera du, lokalak etxe bihurtzeko ordenantzak izan lezakeen atzerapenaren aurrean, herritarrek gauzak zertan diren jakin dezaten. «Hernaniko herritarrek espero baino gehiago itxaron beharko dute etxebizitzak zein lokaletan egin litezkeen jakiteko, eta oposizioko alderdien erruz izango da, interes orokorrak alboratu eta gobernu taldearen gainetik jarri nahi izate hutsagatik» azpimarratu dute. Nabarmendu dute agintea hartu eta gutxira ekin ziotela araudiaren zirriborroa egiteari, «eta gainerako alderdiei aurkeztu». Beste alderdiek nahi adina zuzenketa eta aportazio egiteari ondo deritzo gobernu taldeak «baina deigarria da araudi guztiz ezberdin bat egiteko beharra hasieratik azaldu ordez, tramiteak bizkortzeko alegia, gauzak moteltzeko izan den nahia eta asmoa». Kalte, «gobernu kideoi ez, baina herritarrei» egin dietela ere esan dute, «guk ez dugu etxe egin nahi dugun lokalik, aldiz herritar askok bai, eta azkenean hauen interesak ahaztu dituzte».
Alegazioa
Gobernu taldeak salatu du EAk nahiago izan duela «zegokion une eta tokian» proposamena hirigintza batzordean egin ordez, «gerora alegazio garaian, beste edozein herritarrek bezala, bere proposamenak egitea. Nahiz eta horrek esan nahi izan alegazio garaia bukatu arte ez zela erabakirik hartuko eta proposatzen diren aldaketak sakonak izanda, onartuz gero tramitazioak berriro errepikatu beharko liratekeela».
Lehendik gauzatu gabea
EAE-ANVko taldeak dio au-rreko legealdian araudia iragarri eta lau urtean onartu ez izanak kaltea ekarri duela «lokalen salmenta prezioen garestitzea, araudia agindu eta espekulazioari ateak irekita, eta gero araudia egiteko epea mugarik gabe luzatuta, arau subsidiarioekin desegoki tramitatuta, azkenean agintaldia araurik gabe bukatzeko».
Aldaketei dagokienean
Alegazioak egiteko moduari ezezik, alegazioei buruz ere azaldu du bere iritzia gobernu taldeak. «Egun dendariek dituzten eragozpenak ez areagotzea bilatu dugu orain arte tramitatutako araudiaren bidez, potentzialidadea duten guneak babestuz, auzoetan komertzioarentzako dotazio minimoak gordez, eta baita lokal jabeen babes juridikoa bermatu nahian ere». Oposizioak alde bozkatu duen sistemaren bidez «denbora kontua izan liteke Larramendi kalean, Karmelo Labakan, Zikuñagan edota Portu auzoan adibidez, lokal guztiak etxe izatea, eta bestelako zerbitzurik gabe geratzea, kale batzuk babesten ez diren neurrian edo auzo horietan erreserba minimo bat egiten ez den neurrian». Bukatzeko gobernu taldeak dio martxoko plenoan «inork iritzia aldatzen ez badu behintzat» berriro araudia idatzi eta alegazio garaia irekiko dela, «udararako araudia badugu, pozik».