Xabier Legarreta Aranok zortzigarren finala izango du gaur Nafarroako Bertsolari Txapelketan, Elizondon, arratsaldeko 17:00etan, Lur dantzalekuan. Iazko txapelketan ez zuen parte hartu Hernaniko Bertso eskolako aranoarrak, baina aurten animatu egin da eta bertsotan gozatu egin du orain artekoan. Ostegunero biltzen dira Aranoko San Roke soziedadean bertsotara. Pasa berri den Gipuzkoako Txapelketarako bertso lagunak prestatzen aritzeak, armiarma sareak kendu eta bertso maila ona hartzeko balio izan dio. Neurri batean horregatik animatu da, berriz ere, txapelketan parte hartzera «armarioan gordeta bezela» zeukan bertsoa, berriz burura, ekartzeko. Lehen bi saio politak eginda, bertsotarako grina piztu zaio berriz ere aranoarrari, ondo tolestutako bertsokera maite duen bertsozalearen pozerako.
Final zabala
Faborito garbirik gabeko finala izango da gaurkoa, eta Xabier Legarretak ere baditu bere aukerak. Helburua «bertsotan momentuan ari naizen bezala egitea» izango du. Horrekin konforme litzateke, «bertsotan gozatzea» nahi baitu, azken aldian txapelketan nahiz entrenamenduetan bezala. Baina, sariren bat baletor «ez dugu hartu gabe utziko» esaten du Xabier Legarretak. Daukana ematen badu ez da gorenetik urruti ibiliko.