Nere bizitzan badago zure aztarnarik. Batzuk botako dizkizut ea zerbait gogoratzen dezun. Jakina, ideiarik ere ez daukat noiz, norekin edo non ikasi nuen bi hanka gainean ibiltzen. Baina nahiko garbi daukat dozena erdi bat urtekin, Axalaren etxea eta Telleri-gain bitartean eta zurekin ikasi nuela bi kurpil gainean mugitzen.
Zuk diozun hori ez daukat gogoan. Hori bai, gure etxean beti izan ziran bizikletak eta zu bezelako mutil koskor askok ikasi zuten haiei esker.
Nere hurrengo erreferentzian txofer bezela ageri zara. Leyland kamioi gorria zenuen. Jai batean gure bi familiak kajan hartu eta Arranbidera eraman gintuzun eguna errioan pasatzera.
Leyland-Comet bat eduki nuen bai. Hasieran zalantzak sortzen zituen kamiona zen, ralenti kriminala zeukalako. Halere, berehala konturatu ginen bere tamainan -zazpi tona- onena zela. Aljezirasetik Hendaiara 21-22 ordutan sartzen ginen 10 tona arrai kargatuta. Motor zoragarria zan.
Amuarraiak eskuz harrapatzeko zure abileziaren lekuko naiz. Duela berrogei urtetik gorako kontuaz ari naiz, Latxe auzoko zentralaren inguruan. Amuarraiak balde batean jaso eta Latxeko fabrikan zegoen ur deposito haundi batera ematen zenituen. Nola lortu zenuen esku trebezi hori? Estutu memoria Antton!
Bai, multzo polita lortu genuen. Mutil koxkorrei ikaragarri gustatzen zitzaien eta harrapatzen zituzten karakol, bare eta abar botatzen zizkieten jateko. Uholde haundi batek itzuli zituen berriro beren lekura. Martin Gerra, mutil ona benetan, neri asko lagundu zidana, erreka baztarrean hazitako mutila zen eta hari begiratuz ikasi nuen. Tarteka sugea ere topa zitekeen arrainaren ordez… Latxeko fabrikaren kasua, besteak beste, aita semeen arteko erreleboaren porrota ezagutu duen kasua alegia, gogoratzen dudanean asko kabreatzen naiz. Holako enpresa… baina hori beste histori bat da…
Perretxikotarako afizioa ere bazenuen. Ondi mendiaren magalean zeregin horietan elkarrekin ibiliak gara (harriduraren kolorez hasten da Anttonen erantzuna).
A bai? Gure aitak ere bazuen afizio hori. Gure aitarentzat, igande bateko gauzik politena horixe zen: goizeko seiretan hasitako lanak bukatu, bazkaldu, siestatxo bat egin, bere Harley-a hartu eta Arano aldera joan. Motoa utzi (izena oraindik gogoan daukat) Eper Zelaian, handik maldan behera pixka bat ibili, dozena erdi bat gibelurdin bildu eta etxera, kontentu asko, afarirako tortilla prestatzera.
Gorderik daukadan urte haietako azken oroitzapena: Frantziako Tourreko etapa bat ikusi degu elkarrekin. Oker ez banabil 1964 urtea zen. Aitak eraman ninduen bere lagun batzuekin, zu tartean.
Gogoratzen naiz. Dioni taxistarekin joan ginen eta ez dakit ez ote ginen bi egunetarako joan, batean Tourmaletera eta hurrengoan Aubisquera.
Anquetilek urteetan mantendutako nagusitasuna azkenetan zegoen eta izen berriak hasiak ziren ate joka: Lucien Aimar, Felice Gimondi, Gianni Motta eta abar. Zu Mottaren aldekoa zinen eta ni gimonditarra….
Halaxe zen. Belaunaldi berri hortako ziklista asko drogaren eraginpean ibili zen eta oso epe motzean iraun zuten maila gorenean. Aimarrek Tourra irabazi zuen Anquetilen azken urtean eta honen laguntzari esker. Urtebete geroago erabat desagertu zen. Errekuperatu zen bakarra Gimondi izan zen eta palmares ona osatu zuen.
Ziklismoan doping-aren inguruan sortutako eztabaidan ez dira gutxi kirol honen gogortasunak berak droga kontsumoa ezinbestez dakarrela diotenek. Zer diozu hortaz?
Ez nago ados iritzi horrekin. Nere ustez, ziklistak egiten duen batezbestekoak markatzen du laisterketaren zailtasuna. Gaur egiten diren etapen luzapena edo mendi igoeretako porzentaiak ez dira lehengoak baino haundiagoak. Lehendabiziko ediziotan, Tourreko etapak 400 kilometrotik gorakoak ziren. Gaurko ziklismoan lehen baino diru gehiago dago eta eskrupulo gutxiago.