EAJ eta EAren iritzian gobernu taldeak ordenantza berria egin duelako izan da atzerapena

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 15a, 01:00

Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren inguruan gobernu taldeak esandakoei erantzun die EAJ eta EAk, Kronikara bidalitako prentsa ohar banatan. Aurreko Hirigintza batzordean, EAk egindako alegazioen alde bozkatu zuten oposizioko alderdi guztiek eta horrek ordenantzaren onarpenean atzerapena ekarriko zuela esan zuen gobernu taldeak.

EAJ: «Ordenantza egina zegoen eta lehen onarpena emana»
EAJko Udal taldeak dio, gobernu taldeak ordenantza onartua egotea nahi izan balu, aurreko legealdian egin «eta lehen onarpena emana zuen ordenantza onartu besterik ez zuen». Baina gobernu taldeak bere «tokea» eman nahi izan diola uste du EAJk «herritarren gehiengoa konbentzitu ez duen tokea. Eta horregatik esan diegu, orain urte eta erdi onartu zen testura bueltatzeko».

Kontsentsurik eza
EAJk salatu du, oposizioko alderdiak «gehiengoa izanda» akordioak bilatzen saiatzen direla, «bestelde, gobernu taldea, minorian egonda, bere aldetik dijoa, eta uste dute berak bakarrik erabiltzen dituztela interes orokorreko kriterioak eta egiaren jabe direla, eta gainerakoak berak egindakoaren aurka nola egin bakarrik pentsatzen dugula». EAJk «orain eta beti» hernaniarren interesen alde lan egiten duela nabarmendu du. Dionenez «gobernu taldeak beren proposamenak aurrera joatea nahi badu, herritarrentzat interesgarriak diren proposamenak egin behar ditu, eta babestuko dituen norbait aurkitu. Bakarrik baldin badijoaz, eta beren proposamenak gure garapenerako egokiak ez badira, aurka bokatuko dugu».

EA: «Aurreko ordentza onez gero onartua legoke»
EAko udal taldeak ere azpimarratu du, gobernu taldeak aurreko ordenantzari heldu balio onezkero indarrean legokeela. «Gehiengo osorik ez dagoenean kontsentsu bidez lortu behar da, ebidentea dena ANV eta Alkatea ez beste guztientzat». Eusko Alkartasunak azpimarratu du, ez diotela proposamenak egiteari utziko «hernaniarren bizi kalitatearen alde, egokiak iruditzen zaizkigun proposamenak. Gainerako alderdien babesa lortzen badugu, gure meritua izango da, eta ANVren gestioaren frakasoa, akordiotara iristeko bere ezintasunagatik».

«EAk ez zuen proiektuaren alde bozkatu»
EAko udal taldeak argi utzi nahi izan du ez zuela ordenantzaren hasierako proiektuaren aldeko botorik eman, abstenitu egin zela bai 2007ko azaroko Hirigintza batzordean eta baita plenoan ere. «Esan genuen gure iritzia azalduko zela aurkeztuko genituen alegazioetan», nabarmendu dute.

«Kaleak ez dira desertizatuko»
Alegazioak onartuta, zenbait kalek komertziorik gabe geratzeko arriskua daukatela nabarmendu du gobernu taldeak eta horren aurrean EAk dio arrisku hori ez dagoela: «erabilera aldaketa eskatzen duten lokalek zenbait baldintza bete behar baitituzte: bost urte geldirik egotea adibidez, eta ordenantzak hiru urterako balioko duela kontuan hartuz gero, desertizazio komertziala ezinezkoa da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!