LUIS GORROTXATEGI: Adarraga abizenak badu beste ezaugarri bat Hernaniko historiak gordeko duena: sagardoa. Oker ez banago, gaur Zapa izenarekin ezagutzen dugun kalean zeukan zure familiak sagardotegia. Freskatu itzazu, Antton, zure belaunaldiko hernaniarren oroitzapenak eta elikatu gaurko gazteen jakinmina.
ANTTON ADARRAGA: Gure aitona bizi zala, Adarragatarrek bost sagardotegi zeuzkaten: Alikante Goikoa eta Alikante Bekoa (Andre Kalean, gaur egungo Ekos pub-en inguruan); Buxkando (Plaza Berrin, farmaziaren ondoan), Kantoia eta Serorenea (bi hauek Zapa Kalean). Geroago, herentzi zatiketak egin zirenean, gure aitari Serorenea eta Kantoia geratu zitzaizkion. Aurrerapen teknikoen aldeko gizona zen, ahal zuen neurrian esku lana kentzearen aldekoa. Tolare zaharrak bi ardatz zituen eta larogei karga jotzeko kapazidadea; erdibitzea eta berrogei kargarako motor prensaz ornitutako tolarea montatzea erabaki zuen. Hontara, berrogei karga jotzen nituen neronek. Tolare bikain hura oraindik bizi da, eta... lanean jarraitzen du Altzueta sagardotegian! Esan izan diot Altzuetako Juanitori: seguru nago, begiak itxi, indarra eman eta bere hiru abiadurak martxan jartzeko gauza nintzakela…
Nabarmena da gogotik estimatzen dituzula garai haietako aitaren ekimenak… (Emozio garbi eta sakon baten dardarra sumatzen det Anttonen hitzetan).
Sagardo lanetan ere gure aita ez zen edozein. Tarteka, fibra nostaljikoa sartzen zitzaionean, gure aitak abesten zituen bere osaba Ixidrok (Ansorena txistulari handia) sortutako bertso batzuk. Besteak beste, Adarraga, Rekondo eta Eujenio sagardotegiak aipatzen ziren, nork sagardo hobea egingo.
Ezagutu al zenuen garai hartako sagardotegian bizi zen giroa?
Bertsoak ikaragarri gustatzen zaizkit baina ez nuke kantatzen asmatuko, ezin ditut bertsoak buruz ikasi. Eujenioenea esaten zitzaion Eugenio Gorrotxategi zure aitonaren sagardotegiari. Neretzat, onena Eujeniok egiten zuen. Berak kupel berriak zeuzkan. Garai hartan kupel zaharra onena zela uste genuen, baina oker geunden. Egurraren gaitzak bertan gelditzen dira eta denborakin okerrera egiten du. Berriak, berriz, egin eta zortzi edo hamar urtean primeran aguantatuko du. Ez dago holako inoxidablerik. Bizitza motzagoa izan arren, Frantzian, ardotarako, eta Inglaterran, sagardotarako, inoxidablearen erabilpenak ez du haritza baztertu. Zerbait badu haritzak.
Zer esango zenuke orduko sagardotegi giroari buruz?
Aurreneko gauza, gizasemeak bakarrik sartzen ziren. Emakumeak botilakin sartzen ziren eta botila betetakoan martxa. Asko ziren etxetik afaria ekarri eta sagardotegian afaltzen zutenak, baina gosariarena zen ohiturarik zabalduena. Garai batean sardina asko izaten zen. Egurrikatzakin parrila jarri eta hantxe erretzen zuen bakoitzak berea. Sagardoa bera ere aldatu egin da. Lehen, behin hasitako kupela hustu arte ez zen beste bat hasiko. Enologoen lanari esker gaurko sagardoa ez da orduan bezela belzten. Garai haietan, behar bezelako sagarrak erabiltzen genituen (urtebia, patzoloa, txalaka, pikoagako sagarra, merkaliña...). Gaur ere bai noski, baina kanpotik ekarritakoa kazkarragoa da askozaz.
15.000 litroko kupela
Adarragatarrek 5 sagardotegi izan zituzten garai batean, eta Euskal Herriko kupelik haundiena, 15.000 litrokoa. 1900 urtean eskatu omen zion Jose Adarragak Tudelako Jose Elizegiri 100 kargako kupela egiteko, ehun urteko berrian sartu zirelako. Kupel honek sagardo oso ona egiten zuen Anttonek dioenez, leku onenean ere bazegoelako: «toki hotzean ateratzen da sagardoa behar bezalakoa».
Eltzekondo indartsuak kupeltegi hartan gordetzen zituen pultzurako erremintak.