LUIS GORROTXATEGI: Bizirik dirauten nere haurtzaroko irudien artean, bat zure aitarena da. Bere txokolate fabrika Eujenio gure aitonaren tolare eta baratz ondoan zegoen. Mantal handi batez, larruzkoa agian, gogoratzen det. Azanario ale batzuen truke, luzatu eskua nahasgailuraino eta hatz-punttei eransten zitzaien txokolate ilun, bigun eta gozoa dastatzeko aukera ere izan genuen behin baino gehiagotan. Suposatzen det holakoxeko oroitzapenak ematen diotela haurtzaroari liluragarri kutsu hori. Moto handi bat omen zuen eta harekin parte hartzen omen zuen txirrindulari lasterketetan komisario lanetan. Ez zen nolanahiko gizona izango. Emaizkiguzu aitaren apunte batzuk.
ANTTON ADARRAGA: Hor, gaurko Urbieta eta Izpizua kale kantoian, oraingo taxi geltokiaren parean zegoen gure aitaren gozotegia eta txokolate fabrika. Hurrena, beheruntz, Fermin Labururen sutegia. Segidan, garaje antzeko lokal bat, azken aldera frailiatarrak ganaduakin erabilitakoa. Haren kontra, zure Aitona Eujenioren tolarea eta, geroago zuen aitak ganadu larruak gazitzeko erabiltzen zuen ikuilua. Hari itsatsita, Migel Urruzolak jarritako aroztegia. Eta azkenik, Manuel Axala pintoreak zeukan almazena. Kalearen beste aldean berriz, goitik hasita, Oraienen errota; beherago garai hartan erruz kontsumitzen zen egurra txikitzeko zerrategia, eta azkenik, Oruezabalak lejiak egiteko zeukan lokala. Gure aita gizon umoretsua zen, deskribatutako barrioko jefea. Beti mantal urdina erabiltzen zuen. Aipatu dezun makinari amasadora esaten genion eta han nahasten ziren ehotutako kakao hutsa eta azukrea. Bere profesionaltasuna oso goi mailakoa izan zen. Kontuan hartu nolakoa zen: gazte askoa zela egunero bizikleta hartu eta Irunera joaten zen, Zuritxen asko ikasitako Francisco Elgorriagarekin ikastera. Arratsalde arte lan egin eta, Irunen zeukan lehengusu baten etxean bazkaldu edo afari merienda egin ondoren, Hernanira. Hori egin zuen... ofizioa hobetzeko! Xoxik ere kobratu gabe. Garai haietan oso zaila zen ofizioa ikastea, ez baitzuten erakutsi nahi. Geroztik, izen eta prestijio haundia hartu zuen Elgorriaga markak, batez ere `La campana` txokolatearengatik. Aurrerago enpresa atzerritar batek erosi zuen. Antzeko zerbait gertatu da `Artiach` etxearekin. Europako puntako etxeek ezin dute zerotik hasi, horregatik garai hartako enpresa onak atzerritarren eskuetan daude.
Zer diozu aitaren kirol zaletasunari buruz?
Nere aita, Pepe Adarraga, kirolzale totala zen, gehiago ez da posible. Beste hernaniar batzuekin (denak ez ditut gogoan, baina besteak beste, Markox Zubeldia, Antonio Ieregi, Julian Erdozia, Juan Otamendi eta abar) Club Deportivo Hernaniko fundatzailea izan zen. Kirolzalea izateaz gain, atleta oso ona zen. Gorputz egokia eduki ez arren, pisuko gizona zen eta, korrika ondo egiten zuen. Atotxan burututako Espainiako kros txapelketa batean hamahirugarren sailkatu zen. Sari bezela jasotako kopa, oraindik nere arreba Juanik kontserbatzen du. Horrez aparte, baditu marka interesgarri batzuk. Berak motoa izanagatik, motoa Joxe `Balantxa` lagunari utzi zion Panplonara joateko. Eta nere amaginarrebaren anaia eta biak oinez joan ziren Sanferminetara. Gazte askori esan izan diet: Antton Aizpuru eta nere aita pasa goizeko seietan plazako arkupetik, tapa tapa Ernioko muturreraino joan etorria egin eta arratsaldeko ordubietarako berriro Hernanin ziren. Berak asmatutakoa da Hernaniko atleta konpletoaren lehia. Hiru zatitan banatzen zen proba. Lehendabizi bizikletan Sorgintxulora bi buelta; bizikleta plazan utzi eta korrika joan etorria Karabelera, errioa igeri pasata. Bukatzeko, partaidearen pisuerdiko zaku-kargari zortzi jasoaldi eman. Proba hau urte askotan egin izan da Hernaniko festetan. Esan dezun bezela, moto haundi bat eduki zuen: Harley Davidson bat. Federaziotik deitzen zioten laisterketetan lagun zezan. Kontatuko det anekdota bat. 1935eko Vuelta ciclista al País Vascon, Tolosatik Bidaniarako bidean, Albizturko aldapan, Gino Bartali haundiak tropeletik alde egin zuen nere aitak motoz jarraitzen ziola. Bidaniatik behera abiadura moteltzen zuela ohartu zenean aitak galdetu zion ea zergatik ez zuen tiratzen eta errepidea ez zuela ezagutzen erantzun omen zion. Urte hartan, hala ere, nahi bezela irabazi zuen itzulia italiar txirrindulari haundiak. Baita ere Atletismo Federaziotik deitzen zioten Behobia-Donostia laisterketan motorista bezela laguntzeko.