‘Kaixo’ aldizkaria atera da, etorkinen ahotsa izateko

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 13a, 01:00

´KAIXO´ aldizkariaren lehenengo alea atera da hilabete honetan. Hiruzpalau hilabetero aterako dute ale bat eta helburua izango da etorkinei zuzenean eragiten dieten gaien berri ematea eta informatzea. Aldizkaria Amher-ek egin du, Hernaniko Elkarte Multikulturalak.

Etorkinentzat egindako aldizkaria
Aldizkaria Hernanin bizi diren etorkinei zuzendua dago. Helburu argiak ditu: etorkinentzat baliagarria izan daitekeen informazioa biltzea, instituzioek eta gizarteak kolektibo honen aurka egindako injustiziak salatzea, arrazakeriaren kontrako kanpainak egitea eta egiten dituzten eta egingo dituzten ekintza eta jardueren berri ematea kolektiboari. Bide batez, elkartea ezagutzera emateko modu bat dela erantsi dute. Printzipioz etorkinei etxera iritsiko zaie aldizkaria; lokutoriotan era jarriko dute eta herriko prentsaren bidez ere proiekzioa eman nahi diote.

Amher-Sos Arrazakeriak egina
Aldizkaria Amher-ek, Hernaniko Elkarte Multikulturalak egingo du, inguruko jendearen eta kolaboratzaileen laguntzaz. Horrez gain, Udalarekin, duela gutxi berritutako hitzarmenaren zati bat ere horretarako bideratuko dute.

Edukiak
Lehenengo alean informazio orokorra eta interesgarria eman dute aldizkariaren izateko arrazoia eta nondik norakoak ulertzeko. Lehenik eta behin beren burua aurkeztu dute, nortzuk diren, zergatik egin duten aldizkaria eta batez ere, zertarako egin duten. 805 etorkin Hernanin 2008ko urtarrileko udal erroldaren arabera, beste herrialdeetatik etorritako 805 pertsona zeuden herrian erroldatuta. 142 ekuatoriar, 95 portugaldar, 91 errumaniar, 91 marrokiar eta 37 kolonbiar, besteak beste. Horrez gain, orain arte egindako lanen eta ekintzen berri ematen dute, eta aurrera begira egingo dituztenena, hitzaldiak, jaialdiak eta abar.

Udalarekin hitzarmena
2007aren hasieran Amher-ek elkarlanerako hitzarmena sinatu zuen Hernaniko Udalarekin. Hitzarmen horretan egoitza elkarteari uztea eta diru laguntza bat ematea erabaki zen, besteak beste, pertsona bat kontratatzeko egun erdiz. Urte bete joan da eta hitzarmenaren balorazio ona egin ondoren, Udalak eta Amher-ek hitzarmena luzatzea erabaki dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!