Hernanik eta Eibarrek urtero jokatu ohi dute lagunarteko partidua, bi kluben arteko laguntasuna medio eta aurten ere ez dute hutsik egingo armeroek. Aurtengo partidua Julián Moreiro Fernández zenaren omenez egingo da gainera, aurten hil baita CD Hernaniko zuzendaritzako kidea. Partidu hasieran, klubak plaka bat emango die Julian Moreiroren emazte eta seme-alabei, klubean egindako lanaren oroigarri gisa. Ricardo Ramos lehendakariak Kronikari esan dionez, partidu hau gustoko zuen Julián Moreirok eta horregatik erabaki dute egun honetan bere oroimenezko omenaldi txiki hau egitea.
Urteroko partidua
Badira urte batzuk Hernani eta Eibar lagunarteko partidua jokatzen hasi zirela, bi zuzendaritzetako kideek zuten harreman ona medio. Partidua jokatu eta sagardotegira joateko ohitura dute urtero, eta aurten ere Zelaia sagardotegian izango dute partidu ondoreneko zita bi taldeetako jokalari eta zuzendaritzako kideek. Ricardo Ramosen iritziz, gainera, mesede egiten die jokalariei gaurko zitak: «Eibarkoak urte batean ez ziren etorri arazoak zituztelako, eta urte horretan mailaz jaitsi ziren» adierazi digu. Hernaniko sagardoak, badu nonbait indarra!