Isaias Carrascoren hilketa salatzeko mozioa onartu du Bozeramaile Batzordeak

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 11a, 01:00

PSE-EE, EAJ, EA, EB eta PPren aldeko botoekin onartu da mozioa.

Bozeramaile Batzordea bildu zen atzo eta bertan Isaias Carrascoren hilketa salatzen duen mozio bat onartu zen PSE-EE, EAJ, EA, EB eta PPren aldeko botoekin. Idatziak dio beren samina, gaitzespena eta salaketa azaltzen dutela «odol hotzean burututako Isaias Carrasco Gipuzkoako herritarraren erailketaren aurrean. Hilketa hau Gipuzkoako errealitatearen aurkakoa da, herritarren gehiengoak salatzen baitu hilketa eta ETAri exijitzen dio desegin dadila baldintzarik jarri gabe, gizarte hau bide politiko eta demokratikoen bidez azaldu dadin». Mozioaren alde bozkatu duten alderdi guztiek elkar hartu dute «hilketa arbuiagarri honen aurrean» eta Hernaniko herritarrei dei egin diete «zentzuz eta sendo erantzun diezaioten probokazio berri honi, bera gaitzesteko antolatzen diren manifestazio edo ekitaldietan parte hartuta». Bukatzeko diote, «politikoak omen diren arrazoiengatik» hilketa hau salatzen ez duten eta familiarekin solidarizatzen ez diren politikari edo alderdi politikoek, ez dutela merezi inongo instituzioetako ordezkari izaterik, «gizartearen gehiengoak gizaki baten aurkako hilketa zital eta koldarra dela uste du, langile baten aurkakoa, familiako guraso baten aurkakoa».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!