Disketxeak ateratako aurkezpen orrian dio ‘Kalamidadiak’ disko honetan, gaien aldetik, ´hatza zaurian inoiz baino barrurago sartu` duzula. Zer iruditzen zaizu? Agian, gai aldetik bai. Disko hau ez da aurrekoa bezain umoretsua gertatzen, hain alaia gertatzen. Buruan neukan kalamidadeen zerrenda bat osatzea, baina Morauren betiko ikuspegiarekin. Kalamidadeen dekalogo moduko bat da disko hau. Aurreneko aldiz premia sentitu dut, hari monografiko baten bueltan diskoa osatzekoa. Kalamidadeen inbentario bat egiteko gogoa nuen. Uste dut gero eta anestesiatuago bizi garela eta garrantzitsua iruditzen zait begiak irekitzea. Aipatzen diren gaiak sozialak dira gehienak. Nire burua kronista sozialtzat dut, inguruan ikusten ditudan gauzak kontatzea ere bada nire egitekoa. Sakabanaketa, kontsumismoa, azpiegiturek eragiten duten txikizioa, etorkinen kontua, beldurraren hedatzea, kontrol sozialaren hedapena. Zentzu horretan, bada bai, orain arte egindako diskorik zuzenena.
Eta soinu eta musika estiloari erreparatuta, zer aurkituko dugu
‘Kalamidadeak’ diskoan?
Musika estilo aldetik, aurreko diskoaren, Txukalda diskoaren jarraipen zuzena da. Txukaldan, country amerikarraren eragina somatu zitekeen. Disko honetan power pop-aren eragina nabarmena da. Eta diskoa zuzenean aurkezterakoan seguraski are eta popero eta alaiagoa izango da. Diskoan aipatutako gaiak badira nahiko dramatikoak, nik dramatismo gehiago jartzeko, eta gainera uste dut popa beste edozein musika estilo bezain duina dela, kritika soziala egiterako garaian. Ekoizpen aldetik Jexux Agirresaroberen lana ere aipatu behar da, ekoizle lanetan aritu da eta osotasun bat eman dio diskoari, sendotasuna.
Bigarren diskoa duzu Agotak taldearekin, zure ibilbidean aurreneko aldiz errepikatu duzu talde berarekin. Gustora zaudenaren seinale?
Bigarren diskoa izan da Agotak taldearekin eta niretzat lujo bat da haiekin jotzea eta halako taldea izatea. Beñardo Goietxe (gitarra elektrikoa eta ahotsa), Jexux Agirresarobe (baxua), Igor Mendiarekin (bateria) aritzea lujo bat da niretzat. Uste dut momentu honetan eman zezakeen onena eman duela taldeak. Kolaborazioak ere ez ditugu izan disko honetan, taldeari ahalik eta etekin gehiena atera nahi izan baitiogu. Bestalde, azken momentuan aldaketa bat izan da taldean. Zuzenekoetan Igor Mendiaren ordez Ander Barrenetxea hernaniarra sartu da. Etzakit, Juan Mari Beltran eta abarrekin aritutakoa, harekin aritzea lujo bat da guretzat.
Balerdi Balerdiren ´Lore etxean` abestiari ere egin diozu tarte bat disko honetan.
Abesti hau beste kalamidade bat ere bada. Balerdi Balerdi Itoitz ondoren Euskal Herriko pop talderik garrantzitsuena izan da. Lan bikainak utzi ditu talde honek nahiz eta arrakasta komertzialik ez izan. Haien erreferentzia eta eragina izan dut disko hau osatzerakoan. Abesti hori zuzenean jotzen nuen eta Kantu galduak EPan bertsio akustikoan ere grabatu nuen.
Imanol Lartzabalen ´Mendian gora` kantu ezaguna ere entzun
daiteke disko honetan.
Mikel Laboa eta Xabier Leteren abestiak moldatu ondoren, euskal kantagintzaren hurrengo belaunaldiari tokatu zaio orain. Uste dut kantuak berak ez duela azalpenik behar. Halako abesti borobilaren bertsioa egitea atrebentzia izan da, baina uste dut ondo atera garela. Gure espiritura ekarri dugu abestia eta hori zen asmoa.
Abestiez gain, disko honek badu bideo itxurako beste altxor bat.
Mattinek (Iñaki Martiarena) osatutako animazio bat dago ikusgai, diskoko singlearen bideoklipa da, Ongi etorri abestiarena. Ikusi nahi duenak www.berria.info-n edo www.euskaltube.com-en aurki dezake.
Eta noiz izango dugu aukera herrian disko berriko abestiak zuzenean entzuteko?
Espero dugu Hernanin apirila amaieran aurkeztea diskoa. Gainerako kontzertuak ere hortik aurrera ematea aurreikusi dugu.