«Gizarteak gero eta multietnikoagoak izango dira»

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 11a, 01:00

Maria Antonia Caro gizarte hezitzaile eta genero indarkerian adituak ‘Tratu txarrak bikotean eta etorkinen berezitasunak’ hitzaldia emango du gaur Hernanin. Goizean, Institutuan, 11:15etan, eta arratsaldean, Biterin, 19:30etan.

Etorkinen berezitasunak aipatzen dituzu. Zeintzuk dira? Erasoak jasaten dituen emakume etorkinen kopurua altua da. Emakume hauek baldin-tzatuago daude. Berez edozein emakumek duen arriskuaz gain, hona etortzen direnean arriskua biderkatu egiten da, izan ere, hemen ez dute babestuko dituen harreman sarerik: ez familiarik, ez lagunik, ez ezagunik... Azpimarratu nahi nuke joera haundia dagoela emakume etorkin guztiak zaku berean sartzeko eta hori oso arriskutsua dela. Emakume guzti hauen errealitatea ez baita berdina. Estatuan emakume atzerritar kopururik handiena latinoamerikarrena da; marrokiarrena eta errumaniarrena ere altua da. Emakume marrokiarren dependentzia askoz handiagoa izaten da besteena baino, normalean bikotea etorri ondoren etortzen direlako. Latinoamerikarrak, berriz, nahi dutelako etortzen dira eta familiako lehenengo kidea emakumea izaten da etortzen, autonomoagoak dira. Talde hauen errealitateak, eta emakume bakoitzarenak, oso ezberdinak dira.

2004an Diputatuen Kongresuan aipatu zenuen harrera zentroak funtzio bat betetzen dutela baina ez direla nahikoak, dependentzia sortzen dutelako eta ez dutelako epe luzera emakumeen egoera hobetzen.
Egun eskaintzen zaizkien baliabideekin emakume horiek are biktimagoak bihurtzen dituzte. Bertako emakumeen biktimizazioa ere arrunta da baina etorkinen kasuan nabarmenagoa da. Egin behar dena zera da, bizi baldintzak hobetzeko benetako baliabideak eman: etxebizitza, lana eta abar. Duela gutxi Amnistia Internazionalak salatu du emakume asko bere erasotzailearekin bueltatu beharrean izaten direla, ez dutelako ez etxerik, ez dirurik, ez ezer.

Jatorrizko herrian jasotako heziketak ere garrantzia izango du?
Bai, jakina, jatorrizko herrialde bakoitzeko ezaugarriak ere oso garrantzitsuak dira. Horregatik garrantzitsuak dira adibidez, orain sortzen ari diren emakume inmigranteen elkarteak, beren komunitateetako jendearekin lan egiten baitute. Kontuan izan behar da inmigrazioa gertaera berria dela; estatuan adibidez populazioaren %10 atzerritarra da dagoeneko, eta oso urte gutxitan izan da gorakada; horregatik ez dago erreferente askorik.

Zer egin daiteke?
Bi aldeek egin behar dute lana. Gizarteak aukera eman behar die, bitartekoak, bizi maila duina izateko, baina berak ere parte hartzeko prest egon behar dute. Askotan Gobernuari eta erakunde publikoei eskatzen diegu medioak jartzea inmigranteen egoera hobetzeko, baina guk ere badugu zer egina, konpromezu morala dugu baina konpromezu praktikoa ere bai, alegia, lana, etxea eta abar eskaintzea.

Gizartea prest al dago?
Estatuan egindako inkesta batek dio gizartea tolerantea dela, baina ere berean, ez duela konpromezurik hartzen etorkinekin. Denon hobebeharrez bizi kalitate hobea eman behar diegu etorkinei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!