DEPENDENTZIA legeari buruzko hitzaldia izango da gaur, arratsaldeko 17:00etan, Goiz Eguzki jubilatu etxean. Legea indarrean 2006ko abenduan jarri bazen ere, Foru Aldundiak dekretoka ari dira lege hori aurrera eramaten. Pertsona dependienteentzako, alegia, laguntza behar dutenentzako, diru laguntzak arautzen dituen ordenantza indarrean sartu berri da eta diru laguntza horien nondik norakoak azalduko dituzte gaur, Inma Lopetegi eta Antton Aizkorreta gizarte laguntzaileek: nori zuzenduak diren, nola eskatu eta abar. Hitzaldia irekia da interesa duen guztiarentzat.
Dependentzia maila
Gaur egun, laguntza eskatzen duen edozein pertsonak zenbateko dependentzia duen zehazten du Foru Aldundiak, alegia zenbateko laguntza behar duen. Horren arabera, bere eskubideak zeintzuk diren azaltzen duen idatzi bat jasoko dute etxean. Duen dependentzia mailaren arabera, talde bat edo bestean sailkatuko du pertsona bakoitza eta horrek baldintzatuko ditu jaso ditzakeen zerbitzuak eta laguntza ekonomikoak. Erresidentzian sartu edo zenbait zerbitzu hartzeko lehentasunak ere markatzen ditu. Hau da, zerbitzu batzuetan sartzeko lehentasuna izango dute laguntza haundiena behar duten pertsonek.
Hiru diru laguntza
Dependentzia lege berriaren arabera, hiru diru laguntza desberdin daude gaur egun, eta bat edo beste jaso ahal izateko pertsona horrek behar duen laguntza hartuko da kontuan: 1) Erresidentzia publikoetan lekurik ez eta erresidentzia pribatuetan sartu behar dutenentzat. Dependentzia graduaren arabera, laguntza 450 eta 812 euro artekoa da, hilean. 2) Zaintza lanetan famiarteko bat duten pertsonentzat. Dependentzia graduaren arabera 328 eta 507 euro arteko laguntza da hilean, eta zaintzailea Gizarte Segurantzan alta eman gabe baldin badago, 154 euro gehiago jaso litzake. 3) Zaintza lanetan familiaz kanpoko pertsona bat dutenentzat. Dependentzia graduaren arabera, 609 eta 812 euro artekoa izan liteke, hilean.