Mikel Noble eta Aritz Otaegi Gipuzkoako txapeldun trinketean, urnietarrei 40-34 irabazita

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 9a, 01:00

final berdindua eta gogorra espero zen atzokoa eta atera ere halakoxea egin zen. Mikel Noble eta Aritz Otaegi hernaniarrek Gipuzkoako txapela irabazi zuten jubenil mailan, trinketean, eta presioari ondo eusten diotela erakutsi zuten, biek ala biek. Partidua ona izan zen, maila oso onekoa, eta bi hernaniarrek maisu jokatu zuten, presioari bikain eutsiaz. Otaegik lehen ere badu Gipuzkoako txapela irabazia, aurten buruz buru aterea hain zuzen ere, eta atzo erakutsi zuen aurrekoa ez zela kasualitatea izan. Noblek ere lan ezin hobea egin zuen aurrean eta bien artean aukerarik gabe utzi zituzten Pagola eta Ugalde urnietarrak. Azkenean, 40-34 hernaniarren alde.

Berria txapelketan Markiña final erdietara

Bestalde, atzo Hernanin Berria txapelketako final laurdenak jokatu zituzten Markiñak eta Añorgak eta Markiñak lortu zuen aurrera egitea, tanteoan lau tantoren bentaja lortuta (57-53). Markiñak irabazi zituen kadeteetako eta jubeniletako partiduak (22-16 eta 22-15), eta nagusietan Añorga izan zen nagusi (22-13). Gaur Urnietan 10:30etan Aurrera Saiaz eta Uharte ariko dira final erdietan sartzeko asmoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!