Erga mendian gora, Aralar eta Andia mendizerren begiratokirantza

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 9a, 01:00

Mendiriz Mendik Erga gailurrera ibilaldia egingo du martxoaren 30ean. Erga Irurtzun alboan dago eta Nafarroako gailur ederrenetarikoa da. Mendi bakarti eta harro hau inguruko mendietatik erraz bereizten da. Ikusgarria eta ezaguna da bere oinetan Larraun ibaiak sortutako Bihaizpeko pasabidea. Bihaizpekoak ez ezik, kareharrizko beste haitz ugari ditu hego-mendebaldeko isurialdean, baina igotzeko mendi erraza da, atsegina, bidezidorretan euriarengatik pilatzen den lokatza alde batera utzita. Bidea lokaztuta dagoenean jaisterakoan kontuz ibili behar da irristakorra egoten baita. Ohiko igoera-bide guztiek bilatzen dute Trinitate baseliza, gandorraren hego-ekialdeko mutur baten eskegirik dagoena. Ezin dugu jakin, susmatu baizik, baseliza hau zein urtetan eraiki zen. Baliteke XIII. mendekoa izatea arte-kritikari batzuek esaten baitute harrizko eskultura mende horretakoa dela. Ermitaren aldamenean mahai eta eserlekuz atondutako aterpea dago. Aterpeko giltza lortu nahi duenak herrian eskatu behar du. Urteko egun askotan agertzen du eskualdeko jendeak Trinitate Santuari dion debozioa. Mendekoste ondoko lehendabiziko igandean ospatzen den erromeria da guztietatik garrantzitsuena. Erromeria hau 1513. urtetik egiten da gutxienez. Erromeriara jende asko joatea ala ez eguraldiak baldintzatzen du, baina orokorrean oso giro polita izaten da. Batzuen esanetan ermitari buelta bat emanez gero haginetako mina berehalakoan pasatzen da. Gauza zera da, haginetako min handia izan behar dela eta bertigo gutxi, ermitaren atzean sekulako amildegia baitago. Orokorrean, gehienek nahiago izaten dute haginetako minarekin jarraitu, buelta ematea baino. Trinidadeko bidean era askotako fosil ugari daude. Jose Miguel de Barandiaranek liburu batean esaten du jendeak toki honetan `Rhynconella decorata` espeziearen fosilak biltzen zituela, fosil horiek tximistetatik babesteko balio zutela uste baitzuten.

Nola iritsi
A-15 autopista hartu eta Irurtzun herriraino jarraitu. Herritik Iruñeko errepide zaharra hartu eta Aizkorberaino joan.

Ibilbidearen deskribapena
Aizkorbeko eliza ondoan dagoen porlanezko pista hartu eta ez dago aparteko zailtasunik. Porlanezkoari beste pista txikiago batek segitzen dio ezkerretara, bastante lokaztuta egoten den pista batek, hain zuzen. Alanbrezko eta egurrezko ataka bat eta metalezko beste bat pasa behar dira eta egurrezko bi señalizazio dauden lekura iristen da. `Trinitatea` jartzen duenari jarraitu behar zaio. Gorantz jarraiturik, aska bat dago. Hortik aurrera ez dago galerarik eta berehala gailurra eta baselizaren artean dagoen lepora iristen da. Alde batean ermita dago, bestean gailurra. Lehenik bisitatu nahi dena aukeratu. Gailurretik aurrez-aurrez Aralar eta Andia mendizerrak ditugu bata eskubian eta bestea ezkerrean. Hego aldera Arakil eta Sakana bailarak ditugu eta ipar aldera Atez, Imotz, Basaburua eta Ultzama. Hain ongi menperatzen dira inguruko parajeak Karlista Guduetan leku estrategiakoa izan zela. Garai hartan kañoiak jarriak zeuden gailurrean. Oraindik trintxeren arrastoak ikus daitezke. Jaisteko Aginagatik datorren bidea hartuko dugu. Pagadi batean zehar tarte malkartsu bat jaitsi ondoren bidegurutze batera iristen da. Ezkerrera hartu behar da. Hemendik aurrera bidea ez da hain malkartsua eta, apurka-apurka, inguruko gandorrei jarraituz Latasa herrixkara eramango gaitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!