Dependentzia Legeari buruzko hitzaldia asteartean Goiz Eguzkin

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 9a, 01:00

Dependentzia legeari buruzko hitzaldia izango da datorren asteartean, Goiz Eguzki Jubilatu etxean. Ongintza Patronatuko Inma Lopetegi eta Antton Aizkorreta gizarte langileak izango dira hizlari. Dependentzia legea 2006ko abenduan sartu zen indarrean eta Foru Aldundiak dekretuak ari dira gauzatzen. Azkena indarrean sartu den dekretua, prestazio ekonomikoena da, alegia, dependentzia duten pertsonek jaso ahal izango dituzten diru laguntzena. Hitzaldian, Dependentzia Legeari buruz hitz egingo dute orokorrean, baina diru laguntzen dekretoari buruz ariko dira gehienbat, jende askok ez baitaki zein laguntza berri dituen.


Dependentzia maila
Foru Aldundiak diruz laguntzen dituen zerbitzuak jaso ahal izateko, pertsonak dependentzia maila bat izan behar du, inoren laguntzarik behar ez duenak ez ditu diru laguntzak jasoko, zaharren egoitza, eguneko zentroa, edo etxez etxeko laguntzarako, adibidez. Eskaera egiten duenari, Ongintza Patronatuak kabezerako medikuaren txostena eskatzen dio eta txosten hau bidaltzen da Foru Aldundira. Gero, Foru Aldundiak beste mediku edo aditu bat bidaltzen du eskatzailearen etxera eta honek pertsona hark duen dependentzia maila zehaztuko du. Hori guztia kontuan hartuta, laguntza batzuk edo besteak lortu litzake, eta diru laguntza kopuru batzuk edo besteak, Dependentzia Lege berriaren arabera.


Hiru laguntza mota
Hiru diru laguntza mota dira legeak biltzen dituenak eta jaso ahal izateko zenbait agiri aurkeztu behar dira: NAN agiriaren fotokopia, harremanetarako datuak... Hauek dira hiru diru laguntza motak: 1) Lehenengo diru laguntza da erresidentzia pribatuetara joan behar duten pertsonentzat. Zaharren erresidentzian sartzeko eskaera egin eta ez Hernanikoan ez ingurukoan lekurik ez badago Foru Aldundiak 812-450 euro arteko laguntza emango dio hilero, erresidentzia pribatura joan nahi badu (erresidentzia pribatuek prezio oso desberdinak dituzte, baina 2.000-2.500 euro inguru balio lezakete hilero.) . 2) Bigarren diru laguntza da dependentzia duen pertsona senideren batek zaintzen badu: gizona, andrea, alaba, semea... Kasu horretan, hilean, 328-507 euro arteko diru laguntza emango zaio, dependentzia mailaren arabera. Beste 154 euro ere jaso litzazke, senide zaintzailea Gizarte Segurantzan alta eman gabe baldin badago, alta eman ahal izateko. 3) Hirugarren diru laguntza da dependentzia maila oso altua duten pertsonentzat, eta familiaz kanpoko zaintzaile bat ordaintzeko da laguntza. 609-812 euro artean jasoko ditu hilean pertsona dependiente horrek, zaintzailea ordaindu ahal izateko.

Hau guztia zehatzago azaltzeko eta dudak argitzeko emango dute datorren asteartean hitzaldia, Goiz Eguzki Jubilatu Etxean. Irekia izango da nahi duen guztentzat.

- Zer: Dependentzia Legeari buruzko hitzaldia.
- Non: Goiz Eguzki jubilatu etxean.
- Noiz: Martxoak 11, asteartea, 17:00etan.
- Nork: Inma Lopetegi eta Antton Arizkorreta, Ongintza Patronatuko  Gizarte Laguntzaileak.
- Norentzat: Irekia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!