otsailaren 28ko plenoak abortoaren aldeko mozio bat onartu zuen EAE-ANV, PSE-EE, EAJ-PNV eta EB-Aralarren aldeko botoekin. EA abstenitu egin zen eta PPk kontra bozkatu zuen. Mozioa Hernaniko Berdintasun Kontseiluak aurkeztu zuen Udalean eta bertan dio abortatzeko eskubidea emakumeon borrokaren ondorioetako bat izan dela eta «abortatzeko eskubidearen aurkako azken gertakarien aurrean» gai hau hartu dute aurtengo Martxoaren 8ko gogoeta eta borrokagai. Honakoa adierazi du Udalak:
- «Abortuak praktikatzen dituzten kliniken aurka eta emakumeen intimitatearen aurka azken hilabeteetan gertatutako eraso justifika ezinak salatzen ditugu. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu pertsona hauei eta beren eskubideak errespeta daitezela exijitzen dugu».
- «Urteetako borrokaren ondorioa izan dela egungo legea eta erabat onartezina da emakumeen sexu eta ugaltze eskubidetan atzerapausoak eman nahi izatea».
- «Legeak hiru balizkoetan abortua osasun zerbitzu publikoetan egitea ziurtatzen badu ere, gero eta zailagoa da hori aplikatzea. Egun, abortuaren %2.9a besterik ez da egiten ospitale publikoetan. Zentro publikoetako analisi eta informe medikuen bide luze eta zailak emakumeak asistentzia azkar eta egokiagoaren bila zuzentzen ditu».
- «Beraz, dagokion erakundeari, abortu askea eta doan ziurtatzea eskatzen diogu».
- «Aipatutako gertakariek sortutako ezinegonak balio dezala behintzat gaiaren inguruko eztabaida politiko soziala berpizteko eta ondorioz abortuaren inguruko legea erreformatu, abortua deskriminalizatu eta emakumeen erabakitzeko eskubidea ziurtatzeko».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!