PSE-EEk eta EAk Udaletxeko kamara batzuk kendu izana salatu dute

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 8a, 01:00

PSE-EEko Udal taldeak eta EAko Udal taldeak salatu dute Gobernu Taldeak Udaletxe kanpoko zenbait kamara kentzearen erabakia, talde bakoitzak Kronikara bidalitako prentsa ohar banatan. PSE-EE: «Eraikinean dagoen segurtasun gutxia indarrik gabe utzi du» Gobernu taldeak azpimarratu zuen kamara horiek, segurtasun arrazoietan oinarrituta, kontrol neurri bezala erabili izan direla eta horren aurrean PSE-EEk dio Udaltzaingoari mesede gutxi egiten diola afirmazio honek «ulertzera eman baitute kalean dijoan nahiz inguruan bizi den jendea kontrolatzeko erabili direla, eta Udaltzaingoa da kamarak ikusi eta erabili behar dituena». Gobernu taldeak «Udaletxean zegoen seguridade gutxia» indarrik gabe utzi duela salatu du PSE-EEk «edozein udal eraikinetara jendea kontrolik gabe sartzen utzita eta eraikina zaintzen zuen Udaltzaingoa urrutiratuta, jenderik gehien dabilen garaian udaletxetik kanpo egiteko lanak emanda. Eskale bat laugarren pisuan agertu denaren kasua ere badugu». Alkatetzari horrelako aldaketa gehiago ez egiteko eskatu diote «eta bildu gaitezen alderdi guztiak gaiari buruz hitz egiteko. Izan ere, dauden segurtasun neurriak, kamarak barne, azterketa tekniko batek abalatzen zituen». Bukatzeko, prentsa oharrak dio, legeak zehazten duela, Udal eraikinen eta bertan dauden pertsonen segurtasuna alkatearen ardura direla, eta berak ziur-tatu behar duela segurtasuna. «Hemendik aurrera gertatzen den edozein inzidente, segurtasun neurriak ezabatu dituen pertsonaren ardura izango da; kasu honetan alkatearena». EA: «Azterketa profesional baten oinarria behar du» EAko Udal taldeak ere «larria» dela dio kamarak kentzeko erabakia. Berak dakitenez, «seguridadeko inongo txostenen oinarririk gabe» hartu du erabakia alkateak, eta honenbestez «udaletxean jarriak zeuden seguridade neurriak gutxitu». Segurtasun neurriak azterketa profesional bat behar dutela uste du EAk, helburu batekin: «delituak saihestea, edozein delitu». EAk jakitera eman du datorren astean elkartuko dituela alkateak alderdi guztiak erabakiaren berri emateko, eta EAk eskatuko dio neurri horiek abalatuko dituen azterketa aurkezteko. «Horrela izan ezean, alkatea izango da gerta litekeenaren erantzule. Segurtasunarekin ez da jolasten, eta are gutxiago gaur egun daukagun egoera politikoan». Botoa emateko deia PSE-EEk nahiz EAk beste prentsa ohar bana ere bidali dute Kronikara, zenbait udal langilek hauteskunde egunean lanik ez egiteko azaldu duten asmoaren inguruan beren iritzia emateko. PSE-EEk dio «ezker radikalak» alde batetik nazioarteko ikuskariak deitzen dituela, «demokraziarik ez omen dagoela-eta» hauteskunde eta bozken jarraipena egiteko. Ikuskari hauek alkateak hartu dituela nabarmendu du PSE-EEk, «udal langileak hauteskunde mahaiak prestatzen parte ez hartzeko asmoa azaldu duten egun berean eta pentsatzen dugu erabiltzen duten metodo ´demokratikoa` azalduko diela. Hauteskunde eskolak jarriak egotea espero duela esan du PSE-EEk eta dei egin die herritarrei botoa ematera «beren aukera edozein dela ere, eta modu horretan erakutsi, demokraziak funtzionatzen duela». EA alderdiak ere botoa ematera joateko deia egin du, eta hala azpirratu du: «herri honek behar duena bozkatzeko eskubidea zabaltzea da, ez murriztea. Baina hori sozialfaxistek ez dute ulertzen, alderdi bakarreko sistema politikoa defendatzen baitute. Eskubide baten urraketak ez du beste eskubide baten urraketa justifikatzen». EAk herritarrei eskatu die «askatasun osoz bozkatzera joateko» eta EA hauteskunde egunean adi egongo dela «gerta daitezkeen eskubide urraketak salatzeko». Bukatzeko, «eskuduntza duen aginteari» eskatu dio bozkatzeko eskubidea bermatzeko hartu behar diren neurri eta erabakiak hartzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!