Kepa Pikabea Donostiko ospitalera ekarri zuten osasun frogak egitera

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 8a, 01:00

KEPA pikabea Epeleko presoa Logroñotik Martuteneko espetxeko herizaintzara trasladatu zuten duela 9 egun, Donostia Ospitalean zenbait osasun froga egiteko. Kepa Pikabeak 1985eko martxoan Baionako Pyrénées tabernan izandako GALen atentatu baten ondorioz zenbait tiro jaso zituen gorputzean eta hil zorian egon zen. Bere garaian balak gorputzetik kendu zizkioten, baina balek kalteak eragin zizkioten, besteak beste, hesteetan eta zati bat ere kendu behar izan zioten. Presoaren familiak jakinarazi duenez, orduz gero, ez diote froga medikurik egin. Zenbait froga egin ondoren, atzo Logroñoko espetxera eraman zuten bueltan. Terrorismoaren biktima Eusko Jaurlaritzak, terrorismoaren biktimak aitortu eta babesteko legea medio, terrorismoaren biktimen eskura jarri ditu zenbait eskubide, babes eta laguntza. Kepa Pikabea biktima horien artean dago, GALen atentatua dela eta. Presoak berak, Jose Luis Alvarezekin batera hedabideetara bidalitako gutun batean jakinarazi zuenez, froga medikuak egiten ez zizkiotela ikusita, Eusko Jaurlaritzako ordezkari batekin, Txema Urkijorekin bildu zen espetxean, froga medikuak egitera Donostiara eraman zezatela eskatzeko. Horrekin batera, familiak jakinarazi du beste zenbait eskubide eta laguntza ere badagozkiola presoari, lege honen arabera, baina presoak mediku frogak egitea besterik ez omen du nahi. EPPKren idatzia Gai honen bueltan, hedabideetan Euskal Preso Politi-koen Kolektiboak otsail bukaeran komunikatu bat za-baldu zuen eta bertan, Txema Urkijorekin izandako bilera aipatzen da. EPPK-k bere idatzian dio Kepa Pikabea eta Jose Luis Alvarez presoak kolektibotik kanporatzeko erabakia hartu duela, «Espainiako Gobernuak Kolektiboa zatitzeko abian jarri dituen estrategiekin bat egin dutela» argudiatuta. Horrez gain, kolektiboak salatu du, «espetxe zuzendaritzaren bultzadarekin, Baskongadetako Gobernuak bere egitasmo iruzurtiak aurrera eramateko izendatutako ordezkariekin bildu» zirela bi presoak. Bi presoen erantzuna Pikabeak eta Alvarezek lehen aipatutako eskutitza bidali zuten hedabideetara. Nabarmendu zuten, berak izan zirela «kolektiboaren egitura uztea» erabaki zutenak, eta horren berri eman zutela 2007ko azaroan. Parot doktrina Kepa Pikabea preso hernaniarrak 30 urteko kartzela zigorra osorik bete beharko du, Parot doktrina aplikatu baitiote. Pikabeak 10 urteko kartzela zigorra bete zuen Frantzian eta Espainiaratzean hutsetik hasi behar izan zuen kondena. Momentuz 6 urte daramazki Espainiako kartzeletan. Bestalde, familiak jakinarazi du bi aurrez aurreko bisita galdu dituztela azken asteetan. Astebururako ere eskatu dute bisita, baina ´ordu tarte librerik ez dagoela` erantzun diete.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!