Nere aukera abstentzioa
izango da
Ni bizi naizen herrian Euskal Herriaren independentzia bilatzeagatik alderdi politikoak ilegalizatzen dira. Ni bizi naizen herrian espainiar gobernuak Euskal Herriko egunkariak, irratiak eta aldizkariak itxi egin ditu. Ni bizi naizen herrian kuarteletan torturatzen da. Ni bizi naizen herrian demokrazia batean bizi garela esaten digute baina hemen demokrazia hitzak Kenyan, Pakistanen edo Errusian baino esanahi gutxiago du. Ni bizi naizen herrian buruzagi politikoak espetxeratuak daude horrexegatik: politika egiteagatik. Ni bizi naizen herrian 700 preso politiko daude. Ni bizi naizen herrian gazte mugimenduan lanean aritzeagatik, desobedientzia zibila bultzatzeagatik, kazetaria izateagatik, presoen eskubideak defendatzeagatik hainbat eta hainbat herritarrek 10, 14 edo 20 urteko kartzela zigorrak jaso izan dituzte. Ni bizi naizen herrian gatazka armatu bat bizi dugu baina harrigarria bada ere bakea lortzeko bidean irtenbide politikoak proposatzen duena espetxeratua izaten da.
Hala ere, ni bizi naizen herrian independentziaren alde herritar askok jarraitzen dute lanean. Ni bizi naizen herri honetan asko eta asko dira justizian eta eskubideetan oinarritutako bakearen alde lanean aritzen direnak. Ni bizi naizen herrian egunero egunero Euskal Herri gorri, berdea, morea, kolore guztietako Euskal Herria eraikitzen goaz. Ni bizi naizen herrian esperantza, ilusioa, etorkizuna, gure lagun eta senideak maitatzeko eskubidea ere lapurtu nahi digute baina jai dute. Ni bizi naizen herria Euskal Herria da ez Espainia, ez Frantzia, horregatik igandean nire aukera abstentzioa izango da.
Mikel Arrieta Iraola
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!