Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak izango dira datorren igandean, eta Hernanin 15.339 herritar daude botoa ematera deituak. Zazpi hauteskunde eskola izango dira: Biteri kultur etxea, Elizatxo ikastolako Gabriel Celaya ikastetxea, Larramendi kaleko udal gelata, Elizatxo ikastetxea, Zikuñagako udal eraikineta, Ereñotzuko Txirrita ikastetxean eta Langile ikastolako Laubidieta ikastetxea. Guztira 25 mahai egongo dira zazpi hauteskunde eskola hauetan. Hernaniarren botoekin Gipuzkoako ordezkariak aukeratuko dira, eta estatu guztiko ordezkariak bilduta osatuko dira Kongresua eta Senatua.
Aurreko emaitzak
Orain lau urte Hernanin izandako emaitzetan, Ezker Abertzaleak eskatutako baliogabeko botoak izan ziren gehienak, 2.500 inguru jaso zituen Bergarako Ekimenak. Boto baliodunei dagokienean, PSE-EE alderdia izan zen Hernanin botorik gehien atera zituena, 2.131 hain zuzen ere; EAJ-PNVk 1.971; EAk 994; PPk 911; EB-IUk 763 eta Aralar-Zutikek 733. Aurten, alderdi beretsuak aurkeztuko dira hauteskundeetara, Ezker Abertzalea salbu. Ezker Abertzaleak «abstentzio aktiborako» deia egin du.
Zenbait Udal langilek igandean lanik ez egitea erabaki dute
Orain artean hauteslekuak prestatzen zituzten zenbait Udal langilek hauteskunde hauetan lanik ez egitea erabaki dute. Horrez gain, gainerako Udal langileei ere dei egin diete gauza bera egiteko protesta moduan. Kronikara bidalitako ohar batean hauteskunde hauetako egoera salatu dute: «Askatasun eta demokrazia falta dela eta, atxiloketa masiboak, ilegalizazioak, errepresioa eta aukera politiko guztiak aurkezterik izan ez dutenez, hauteskunde hauetan lanik ez egitea erabaki dugu. Kabina, hautesontziak jarri eta hauteskunde-mahaiak zabaldu izan dituzten langileen gehiengoak hartu du erabakia Kronikari esan diotenez.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!