«Amets bat egi bihurtzen ari naiz, lan asko eginda»

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 5a, 01:00

Oier Mendizabali bigarren mailako txapelketako aurkezpen egunean deitu zioten, Oier Zearraren ordez jokatu behar zuela lehen mailako txapelketan. Hasieran adarra jotzen ari zitzaizkiola uste izan omen zuen Hernaniko atzelariak, baina konturatu zen galtza zuriak onenekin neurtzeko jantzi beharko zituela. Orain artekoa oso nota onarekin aprobatu du Oier Mendizabalek, finalaurreko ligaxkan sartu eta finalerako bidean lehen partidua irabazi egin baitute berak eta Aimar Olaizola haundiak. Orain artekoarekin pozik, datozen partidutarako «buzoa jantzita» dago hernaniarra, lanerako pronto.

Zearraren ordez jokatuko zenuela jakin zenuenetik zer balorazio egiten duzu zure lanaz?
Espero ez nuen aukera bat etorri zait. Bigarren mailako txapelketa aurkeztu zen egunean deitu zidaten, lehen mailan jokatuko nuela esateko eta broman hartu nuen. Orain artean kunplitu dudala uste dut. Egindako partiduekin gustora nago, lehen faseko azkenekoa kenduta. 17 tanto egin behar genituela pentsatzea ez zen ona izan. Hala ere ondo etorri zait hankak lurrean jartzeko. Konturatu naiz buzoa jantzi behar dela eta lanean jarraitu. Amets bat egi bihurtzen ari naiz, baina lan asko eginda.

Finalaurreko ligaxkako lehen partidu irabazita, beste garaipen batekin finalean sartzeko aukera haundiak dituzue.
Partiduz partidu joan behar da, eta gero ikusiko dugu zer aukera ditugun. Hurrengo aurkariak, Gonzalez eta Barriola izango dituzue. Oraindik ez dute partidurik galdu... Bikotea oso indartsu dago. Gure aurka 22-21 irabazi zuten, eta gu 21-16 irabazten joanda. Egia da irabazteko aukera ikusita pixka bat urduritu egin ginela, baina partidu hauetan ikasten ari naiz presiopean jokatzen.

Aurrean izar haundi bat duzu, Aimar Olaizola. Zermoduzko laguna da frontoirako?
Oso ondo moldatzen naiz berarekin, presioa kentzen asko laguntzen dit, partiduetan ni lasaitzen asko saiatzen da. Elkarren artean ere ondo konpontzen gara eta konfidantza haundia daukagu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!