Sagardoa protagonista atzo Chillida Leku museoan

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 3a, 01:00

Sagardo Festa egin zuten atzo, 3garren urtez, Chillida Leku museoan. Jendeak sagardoaz eta musika doinuez gozatzeko aukera izan zuen paraje paregabean, eguraldia lagun.

Giro bikaina izan zen atzo Chillida Lekun, 3garren urtez antolatutako Sagardo Festan. Bi kupel sagardo, Iratiko gazta sagardoari laguntzeko, Hernani Musika Eskolako musikariak, trikiti eta txalaparta doinuak, jende ugari bazter guztietatik etorria: Kataluinia, Andaluzia eta bertakoak, tartean hernaniarrak. Hernaniko Udaleko eta Chillida Lekuko arduradunez gain, Arantxa Eguzkitza hernaniarra, egun Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko presidentea ere bertan zen. Hernaniko Tolarea Kofradiakoak ere ez ziren falta.

Jendea, sagardoa eta txotxa protagonista

Aurten ekitaldi xumea egin dute Chillida Lekuko Sagardo Festan. Txotxa, sagardoa eta bertara hurbildutako jendea izan dira protagonista. Ekitaldi goxo eta herrikoia izan zen atzokoa, inguratutakoen gustokoa.

Udalarekin elkarlana

Gonbidatuen artean ez zen falta Marian Beitialarrangoitia Hernaniko Alkatea. Alkateak eta Luis Chillidak azpimarratu zuten sagardoak zein garrantzia duen gure inguruan. Zabalaga baserrian ere sagardoa egiten omen zen garai batean. Museoaren garrantzia ere azpimarratu zuten eta gogoratu zuten Eduardo Chillida eta Pilar Belzunce Fundazioak eta Hernaniko Udalak duten elkarlanerako hitzarmena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!