GORKA BEREZIARTUA
Zuri beltzean bezala datoz memoriara aurreneko egun haiek. Ia berrogeita hamar urte, erraz esaten da. Pilar Letek 1960an ireki zizkion ateak bere abizena zeraman liburu dendari. Kardaberaz kaleko 5garren zenbakian idatzi ziren urte luzez familiako negozioa izango zenaren aurreneko kapituluak. Ez zen emakumea bakarrik aritu: hiru semeen laguntza izan zuen, eta denen lanarekin urte askoan Hernaniko irakurleen beharrak asetu zituen dendak. Baina nobela onek bezala, hasierako orriek bezainbesteko garrantzia dute bukaerakoek. Orain dela gutxi idatzi da epilogoa, pertsiana jaisteko ordua iritsi zaio dendari. Kale Nagusian obretan ari dira. Beste enpresa batek salduko ditu liburuak hemendik aurrera, orain arte Lete egon den lokalean. Joxean Zarraga eta Enrike Lizasoainekin eseri gara ixteko arrazoiez hitz egiteko, eta tartea aprobetxatuta urte luze hauetako ibilbideaz ere aritu gara. 1985ean hartu zuten Lizasoainek eta Zarragak liburu denda sozio modura, Pilar Letek erretiroa hartu zuenean. Negozioa etxean mantendu zuten: Enrike Pilar Leteren semea da; Joxean berriz, Enrikeren koinatua. Lau urtez egon ziren Kardaberaz kalean eta 1989an pasa ziren gaur egun arte bigarren etxea izan duten Kale Nagusiko lokalera.
Jubilatzeko ordua
Ez dadila inor larritu, Hernanin jendeak ez baitio liburuak irakurtzeari (eta erosteari) utzi. Enrike Lizasoainen jubilatzeko asmoak eraman zituen bera eta bere koinatua liburu dendarekin zer egin behar zuten planteatzera. ´Zer edo zer egin behar baikenuen` azaldu du Lizasoainek. Urte asko izan dira eta liburu dendari esker harreman ugari izan dute argitaletxe, banatzaile eta irakurleekin. ´Normalean banatzaileak hemen inguruan egoten dira, Donostian, baina guk harremana genuen Bilbo, Iruñea eta beste hiri batzuetakoekin ere` azaldu dute. Horri eskerrak mantendu dute hainbeste urtean beren eskaintza. ´Zuzenean argitaletxeetatik ere ekartzen genituen liburuak`. Familiako negozio modura antolatutako liburu denden etorkizunaz galdetuta zalantza agertu dute. Geroz eta gehiago dira enpresa haundien eskutik irekitzen diren liburu dendak eta saltoki haundiak ere konpetentzia dira tamaina txikiagoko dendentzat. ´Lan asko egin behar da, orduak sartzen dituzu... Negozio familiarra baldin bada segitzen duzu. Baina atzetik segitzeko inor ez dagoenean...` dio Lizasoainek. ´Beste negozioetan bezala gertatzen ari da: negozio familiarra aurrera eramatea zaila da. Enpresa haundiek berriz, langileentzako ordutegi batzuk antolatuta-eta, errazago eusten diote. Bestela zaila da`. Zarragak eman die segida Lizasoainen hitzei: ´Ni bakarrik geratuko nintzateke Enrike jubilatzen denean. Lan haundia da pertsona bakarrarentzat eta pentsatu genuen hobe izango zela beste irtenbide bat bilatzea`.
Zein liburu eskatu dizkiete gehien?
Aukera eskura izan eta ezin galdetu gabe utzi: zein izan dira urte hauetan guztietan jendeak gehien eskatu dizkien liburuak? Erantzun aurretik beren denbora hartu dute. Ez da erraza. ´Literatura` erantzun du Lizasoainek, baina gehiago zehaztu du: ´Literatura, gazteleraz`. Sailkapeneko bigarren postuan umeentzako liburuak daudela azaldu du ondoren. ´Nik uste dut igotzen ari dela. Ez dakit, izango da ikastoletatik irakurtzeko bidaltzen dizkieten liburuengatik edo...`. Hirugarren postuan dago euskal literatura Hernanin.
Horiek dira herriko paperjaleen dietako plater nagusiak, baina dena ez da narratiba. Urteko garai garrantzitsuena ikasturte hasiera izaten da liburu denda batentzat. Zarragaren esanetan horrelako negozio batek bere gorabeherak izaten ditu: irailarekin hasten da gorakada, testu-liburuen salmentarekin. Gainera Leten ikasmateriala ere saltzen zutenez, kurtso hasieran galtzak bete lan ibiltzen ziren.
Zabaldu samarra dagoen ideia da, urtez urte jendeak geroz eta gutxiago irakurtzen duela. Egia ote? Jaitsiera nabaritu al duten galdetuta Lizasoainek zera erantzun du: ´Beherakada nabaritu da, literatura sakonagoan. Orain gehiena saltzen dena, hori besterik ez ia, best-sellerrak dira, kanpotik etortzen diren liburuak, marketin kanpaina haundiekin`. Harry Potterren liburuak aipatu dituzte biek, baita Ken Follet-en azkeneko nobela ere. ´Lehen denetarik saltzen zela iruditzen zait, agian gauza espezializatuagoak ere bai` erantsi du Lizasoainek. Dena dela, kopuru aldetik hainbesteko jaitsierarik ez dela egon azaldu dute. ´Beste gauzak saltzen dira, baina kopurua ez da gutxitu. Kontua da liburu desberdin asko dagoela orain`.
Bizarra moztu liburu dendan
Anekdotario polita osatuko lukete bi sozioek denda bere kargu hartu zutenetik izan dituzten eskaerekin. Asko ahaztuta dituztela azaldu dute, baina ondo gordeta dituztenen artean badira atentzioa deitzen dutenak ere. ´Askotan gure negoziokoak ez ziren gauzak eskatzera etortzen ziren, hasieran batez ere`. Ez dugu ulertu. ´Bai, bizarra mozteko kutxillak, orratzak eta horrelakoak. Ez dakit ze irudi ematen genuen kanpotik, bazaar batena edo...`.
Irakurtzeko denbora gehiago
Liburuak saltzen dituenaren paradoxa: egun guztia liburu interesgarri artean lan egin duenak zerbait faltan botatzekotan, irakurtzeko denbora izango zela pentsatu dugu. Horregatik galdetu diogu Enrike Lizasoaini ea erretiroa hartzeko intentzioa duen honetan orain arte apalean eduki dituen liburuetan murgiltzeko asmoa duen. Denbora gehiago izango duela azaldu digu, ez irakurtzeko bakarrik ordea: ´Irakurtzeko, libre izateko... Zerbait egin nahi izanez gero, lasai egiteko aukera daukat orain. Lehen ez`.